‘Orratz-begia – 1936 Gipuzkoako gerra haurrak’ erakusketa irekiko da estreinakoz Kulturateko klaustroetan eguenean

2024/09/17
Card image cap
Erakusketa irailaren 19an inauguratuko da Arrasateko Kulturaten, eta urriaren 12ra bitartean izango da ikusgai. Erakusketak gerrako haurren memoria identifikatu eta berreskuratzea du helburu.

Ostegunean irekiko dute Kulturateko klaustroetan ‘Orratz-begia – 1936 Gipuzkoako gerra haurrak’ erakusketa; Intxorta 1937 kultur elkarteak, Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatuta. Hitzordua eguazten honetan izango da, hilak 19, 18:00etan Kulturateko klaustroetan. Muntaia egiten ari diren bitartean prentsa aurrean agertu dira Julia Monge Intxorta 1937 elkarteko ordezkaria, Maider Morras Arrasateko alkatea, Monica Jato irakaslea eta Judith Martinez artista. Erakusketa irailaren 19tik urriaren 12ra egongo da Kulturaten.

Irekiera ekitaldia ostegunean

Kulturateko klaustroetan teknikari eta langileak etengabe ari dira lanean ostegunerako dena prest izateko. Irekiera ekitaldiak gerrako haurrak izango ditu gonbidatu nagusi, horietako batzuk arrasatearrak. Familiakoak eta gertukoak ere izango dira bertan, eta, beraiekin batera, euskal erakunde nagusietako ordezkari politikoak. Besteak beste, hitza hartuko dute ekitaldian Julia Mongek Intxorta 1937 elkartearen izenean, Eider Mendoza Ahaldun Nagusiak, Maider Morrasek Arrasateko alkateak, Monica Jato irakasleak eta Judith Martinez artistak. Hitzartzeen txanda amaitzeko, Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak abesti bat abestuko dute. Ondoren, oroimen ekitaldia egingo zaie gerrako haurrei Seber Altube plazan.

Arrasateko Udala bidelagun

Maider Morras alkateak hitza hartu du gaurko aurkezpenean, balorean jarriz proiektu honek duen balio inmateriala. “Hemen jasotzen den memoria ariketa itzelezkoa da. Itxorta 1937 kultur elkarteak lan itzela egin du, eta bereziki eskertuta gaude horregatik. Arrasateko Udala bidelagun izan da proiektu honetan, eta, etorkizunean, elkarlan estua izaten jarraitzea espero dugu” adierazi du.