2018ko Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako Foroa ospatzeko antolakuntza lanei ekin die Arrasatek

2018/01/19
Card image cap
Urriaren 1etik 3ra ospatuko da Bilbon eta bertako ekintzetako batzuk Arrasaten egingo dira. Horiek antolatzeko herriko 6 Kooperatiba eta Gizarte Ekonomiako eragileen laguntza izango du Udalak

Datorren urriaren 1etik 3ra bitartean Bilbon ospatuko da Gizarte Ekonomiaren Mundu Mailako Foroaren IV. Edizioa (GSEF 2018) eta Bizkaiako hiriburuaren hautagaitza babestu ondoren, Arrasatek parte hartze garrantzitsu eta aktiboa izango du aipatu Foroaren ospakizunean. Hain zuzen herrian bertan egingo dira, aipatu egunetan, Foroko hainbat ekintza.

Ildo horretan, dagoeneko egitarauaren antolaketa lanetan hasita dago Udala, bai foroan jorratuko diren gaiak zehazten edota jardueren zein programaziorako proposamenak aztertzen.  

Horri lotuta, joan den abenduan ekintzen antolakuntzan parte hartzeko aukera zabaldu zion Udalak herriko Kooperatiba eta Gizarte Ekonomiako eragileei eta 6 izan dira, hain zuzen, aurkeztu diren elkarte zein eragileak: Emun Kooperatiba, Caritas, Emaus, Arizmendiarrietaren Lagunak elkartea, Arizmendiarrieta Kristau Fundazioa eta Arizmendi Ikastola Hezkuntza Kooperatiba.     

Behin taldea osatuta, jada lehen bilera egin dute antolatzaile guztiek elkar ezagutu, Foroaren planteamendu orokorra aztertu eta guztien proposamen zein ideiak jasotzeko, modu honetara, elkarren arteko hartu-emana ahalik eta aberasgarriena izan dadin.

 

GSEF 2018

Aipatu Kongresuak, alor ekonomikoaren baitan, mundu mailako erakunde eta eragile garrantzitsuenak biltzen ditu eta besteak beste,  enpleguan, kalitatean eta ongizatean eragina duten esperientziak eta jakintzak partekatzea ahalbidetzen du.

Gauzak horrela, Bilbo, Arrasateren laguntzarekin, mundu mailan erreferente den kongresu hau jasoko duen lehen hiriburu europearra izango da. 

Ildo horretatik, izendapen horrek Arrasaterentzat duen garrantzia azpimarratu du beste behin Udalak: “gure bailara eta bereziki Arrasate, eredugarriak dira, batez ere kooperatibismoari dagokionean eta gainera Gizarte Ekonomiaren aldeko konpromiso instituzional eta politiko sendoa izan du herriak betidanik. Horregatik, Foro hau gure eredu bereizgarria ezagutzera emateko aukera ezin hobea izango da”, adierazi dute Udaletik.