‘Eskolara Oinez’ eta Herribusa doan Arrasaten irailaren 16tik 22ra, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea baliatuz
2021/09/15Arrasateko Udaleko Ingurumen Eskolak, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez, ‘Eskolara Oinez’ ekimenaren bidez, Arrasateko ikasle eta irakasle guztiak animatu gura ditu motordun ibilgailuak alde batera utzi ditzaten eta eskolara oinez joan daitezen irailaren 16tik 22ra. Horrez gain, Mugikortasun Astean, Herribusa doakoa izango da.
Aurten ere, azken 6 urtean bezalaxe, Arrasate Herri Eskolako 4. 5. eta 6.mailako ikasleek parte hartuko dute “Eskolara Oinez” egitasmoan. Egun horietan, Ingurumen Eskolako irakasleek gidatuko dituzte eskolaraino iritsiko diren bi ibilbideak; bata Biteritik irtengo da eta bestea Kurtzetxiki plazatik.
Horrez gain, irailaren 16tik 22ra Herribusa doakoa izango da. Herritarrek aukera izango dute 3 lineak doan erabiltzeko. Udalaren helburua da garraio publikoa ezagutaraztea eta bere abantailez ohartaraztea.