‘Burgoseko Prozesua. Frankismoari epaiketa’ erakusketa otsailaren 18tik aurrera ikusgai izango da Arrasaten

2021/02/22
Card image cap
‘1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa’ egitasmoak garaiko 173 dokumentu eta testigantza erakusten ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu dute, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin elkarlanean.

Burgosko Prozesuaren 50. urteurrenean, erakusketa bat antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin elkarlanean, gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera eman eta azaltzeko, baita Euskadiren hurbileko historian zer-nola eragin zuen ere. 1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa egitasmoa,  garaiko 173 dokumentu eta testigantza erakusten dituena, Arrasaten izango da ikusgai, UPV/EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria eraikinean inauguratu ostean.

Erakusketa Kulturaten ezarri dute, eta otsailaren 18tik aurrera, eguena, zabalduko zaie herritarrei, udaleko eta aldundiko ordezkariak bertan direla. Besteak beste, bertan izan dira: Eider Mendoza diputatua, Jon Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaria eta Maria Ubarretxena alkatea; baita udaleko Bizikidetza batzordeko kideak ere. Mendozak nabarmendu duenez, azken hamarkadetan bizi izandakoari buruzko memoria "beharrezko balioa" da "kultura benetan demokratikoa" eraikitzeko, "elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza baketsuan" oinarrituta egongo dena eta "iraganeko akatsetan" erortzea eragotziko duena.

Mendozak jakinarazi du, gainera, Burgosko Prozesutik eratorritako ondorioei buruz idatzi duten historialarien eta ikerlarien artean "izendatzaile komun" bat dagoela, eta azaldu du: "epaiketa horrek frankismoaren aurkako borrokaren eta euskal auziaren bilakaeran izandako garrantzia". "Gizarte mobilizazioa arrakasta bat izan zen frankismoaren aurkakoentzat, erregimenaren aurkako desadostasuna zabaltzen lagundu baitzuen eta orduko agintariei erakutsi baitzien ezinezkoa zela protesta haiek itzaltzea. Era berean, kasuak izandako oihartzun mediatikoa zela eta, frankismoari berari egindako prozesu moduko bat bilakatu zen, eta euskal gaia munduari ezagutarazi zion ".

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du  “2016. urtean, Arrasateko Udalak, bertan ordezkaritza duten alderdien arteko elkarlana eta kontsentsuari esker, bide bat jarri zuen abian memoria eta bizikidetza jorratzeko. Elkarlan honi esker eta alderdien artean lorturiko oinarrizko kontsentsuei esker Intxorta elkarteak eta Argituz elkarteak egindako memoria lanak gauzatu ziren. Horien bitartez, 1936-2018 garaian, Arrasaten izandako edo herritarrek pairaturiko giza eskubideen urraketak jasoak izan dira”.

Alkatearen iritziz, “memoria bizirik dagoen zerbait da eta etengabean garatu eta osatu beharrekoa. Beraz, aipaturiko lan biak etorkizunean ere osatzen joan beharko dira, baina lan horiek oinarri ezin hobea izaten ari dira udaletik bizikidetza sustatzen jarraitzeko beharrezkoak diren urratsak emateko. Erakusketa bera beste urrats bat da memoria osatzeko. Azpimarratu gura dugu halako ekimenak oso baliagarriak direla gizartean hausnartzeko eta gure iraganaren transmisioa bermatzeko. Gertatutako ezer ezkutatu barik etorkizuneko bizikidetzaren oinarriak jartzeko, gure iraganaren orrialde guztiak irakurri beharra dugu. Aurrerantzean udalak jarraipena emango dio bide honetatik jarraitzeko konpromisoari”.

Erakusketak sakondu gura du epaiketa hura gertatu zen testuinguru historikoan. 1970eko abenduaren 3tik 9ra bitartean, Meliton Manzanasen heriotzan parte hartzea leporatuta, ETAko 16 kide prozesatu zituzten. Foru zuzendariak gaineratu duenez, erakusketaren blokeetako batek gertakari horiek guztiak aztertuko ditu, giza eskubideen ikuspegitik. Mendozaren hitzetan, "marra gorri" bat espreski jasoko da mostran, zeinak islatzen duen urte bi lehenago José Antonio Pardines Arcay guardia zibila hil zeneko "inflexio puntua", baita ere, Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buru Melitón Manzanasen aurkako atentatu hilgarria. Hilketa haiekin batera, diktadurak nabarmen gogortu zuen errepresioa; Pardines ETAko kideek hil eta hiru ordura, Txabi Etxebarrieta hil zuten guardia zibil bik Bentaundin (Tolosa).

Mendozak adierazi du: "Oso garrantzitsua da gai izatea gazteenei memoria kritiko bat helarazteko gure herrian gertatu denaren inguruan, terrorismoak izan dituen ondorio gogorren inguruan eta gure gizartean izan diren motibazio politikoko indarkerien inguruan.

Bederatzi heriotza zigor eta 519 urteko kartzelaratzeak

Gerra kontseilu hura egin zuten euskal kultura, euskal sentimendu nazionala eta langile mugimendua suspertzen ari zen testuinguru hartan, gerora Burgosko Prozesua izenarekin historiara igaro dena. Aste horietan, epaiketaren aurka aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala gertatu zen, batez ere epaiketaren lehen bi egunetan (abenduaren 3an eta 4an) eta epaiaren ostean (abenduaren 28an eta 29an), polizia indarrek zuten gaitasuna gainditzeraino. Abenduaren 4an, Ministroen Kontseiluak Gipuzkoan salbuespen egoera dekretatu zuen, hiru hileko indarraldiarekin; salbuespen egoera dekretatu eta ia astebete geroago, hilaren 12an, Gipuzkoan 200 atxilotu zeuden.

Abenduaren 28an, fiskaltzak eskatu baino zigor handiagoak ezarri zituen epaia argitaratu zen: bederatzi heriotza zigor, 519 urteko kartzela zenbaketa orokorra eta absoluzio bat. Gau hartan bertan bat-bateko manifestazioak egin ziren Donostian, eta 29an lan geldialdi garrantzitsuak hasi ziren, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Aldi berean, diktadurak presio diplomatikoak jaso zituen Australia, Suedia, Norvegia, Danimarka, Alemania, Italia, Frantzia, Belgika edo Vatikanoa bezalako herrialdeetatik, zigortuen indultua eskatzeko. Azkenik, heriotza zigorrak hilaren 30ean konmutatu ziren, batez ere gizarte mobilizazioaren eta nazioarteko elkartasunaren ondorioz; indarra erakutsi baino gehiago, erregimenaren barne krisia azaleratu zen, eta gerra kontseilu hark nabarmen kaltetu zuen erregimenaren irudia.

Hiru heriotza 1970ean

Erakusketak hiru bloke ditu. Lehenengoan, Burgosko prozesuaren testuinguru historikoa islatzen da; bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa; hirugarrenean, berriz, epaiketan zer gertatu zen. Gainera. 1970. urte hartan hildakoak izan ziren Gipuzkoan, Burgosko Prozesuaren aurkako mobilizazioen testuinguruan. Roberto Pérez Jauregi, Antonio Goñi eta Imanol Andueza erregimeneko poliziaren eskuetan hil ziren.