‘Biblioteka etxera’ zerbitzu berria 80 urtetik gorako pertsonentzat
2021/06/08Arrasateko Udalak doako zerbitzu berri bat jarri du martxan herritarrentzat, ‘Biblioteka etxera’.
Zerbitzua da 80 urtetik gorako pertsonentzat edo mugikortasun arazoak dituztenentzat, eta helburua da mailegu zerbitzua etxeraino eroatea.
Zerbitzuaren onuradun izateko, ezinbestekoa izango da Arrasaten bizitzea, bibliotekako bazkidea izatea eta etxez etxeko mailegu zerbitzuan izena ematea. Behin hori eginda, zerbitzuaren erabiltzaileek telefonoz -943 25 20 98- egin ahal izango dituzte eskaerak, astelehenetik egubakoitzera, 10:00-13:00 bitartean, eta baita Internet bidez ere.
Etxez etxeko banaketa astean behin egingo da. Horretarako, erabiltzailearekin aurrez hitzordua zehaztuko da. Pertsona bakoitzak gehienez 3 liburu, 3 DVD, 3 disko eta 3 aldizkari eduki ahal izango ditu 21 egunez maileguan. Liburuen kasuan, aukera egongo da mailegua luzatzeko, baldin eta erreserbarik ez badago.
Udalaren asmoa da erraztasunak ematea liburutegira gerturatzeko zailtasunak dituzten pertsonei, mailegu zerbitzua erabili dezaten. Udalak lehenengoz jarri du martxan horrelako zerbitzu bat; horrenbestez, hasiera batean, sei hilabetez egongo da proba aldian, eta harreraren arabera, udalak aztertu eta baloratuko du zerbitzuari jarraipena eman edo gehiago zabaltzea.