Arrasateko Udalak ‘Arrasate Zeharkatuz’ ekimena abiarazi du, Arrasateko hirigintza modu parte hartzailean definitzeko dinamika

2024/06/12
Card image cap
Ekimena martxan jarri da etorkizuneko Arrasateren hirigintza eredua herritarrekin batera eraikitzeko

Arrasateko Udalak ‘Arrasate Zeharkatuz’ dinamika jarri du martxan. Orain hasi eta datozen hilabete eta urteetan, hirigintza ereduaren inguruan hausnartu eta proposamenak entzutea nahi du, “etorkizuneko Arrasate herritarrekin batera eraikitzeko” adierazi du Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasuneko zinegotziak.

“Arrasatek hirigintza eredu jasangarri, atsegin eta osasuntsu batera igaro beharra du, eta horrek gaur egungo hirigintza ereduaren inguruko analisi eta hausnarketa batera eramateaz gain, eredu berri bat irudikatzea eskatzen digu. Ariketa hau kolektiboan egitea nahi dugu ‘Arrasate Zeharkatuz’ ekimen parte hartzailearekin, herritar guztiek beraien ekarpen eta iritziak emateko aukera izan dezaten”. Ekimenak partaidetza prozesu ugari izango du, idatzi edo berridatzi beharko den plan bakoitzeko bat.

“Zeharkatzen duguna eta gaituena”

Hirigintza eredua aztertu eta honen inguruko hausnarketa bultzatzeko aukeratu dute udal ordezkariek ‘Arrasate Zeharkatuz’ ekimenaren izena. “Hirigintza egunero zeharkatzen dugu fisikoki, hara eta hona joateko, eta hori eraldatzeko ekimena da hau. Baina hirigintza ereduak ere zeharkatzen gaitu, eta ekimen honekin, Arrasateko hirigintza nondik eraikita dagoen ere aztertu nahi dugu, genero, hezkuntza edo hizkuntza bezalako ikuspegietatik, besteak beste”.

Ekimenarentzat sortu duten irudiak ere ideia horri egiten dio erreferentzia. “Sortu dugun irudiak Arrasate zeharkatzen duten bi ibaiek irudikatzen dute, Aramaio eta Deba. Abiapuntu ezberdina duten ibai bik bat egiten dute, eta elkargune hori irudikatu nahi izan dugu etorkizun berde baten adostasuna irudikatzeko. Etorkizuna jasangarria izan behar duelako ezinbestean” baieztatu du Etxeberriak.

Mugikortasun jasangarrirako plana berritzea lehen urratsa

Arrasate mugikortasun eredu berri eta jasangarrietara egokitzeko, mugikortasun plana berrikusiko da. “Herritarrak herrian mugitzeko bide eroso eta seguruak bermatu behar dira, oinez, bizikletan, edo garraio publikoan, besteak bete. Horregatik, berrikusiko dugun plan honek mugikortasun eredua zeharkatzen duten aldagaiak aztertuko ditu, besteak beste, ikuspegi soziala, ekonomikoa, genero, ingurumen eta osasun ikuspegiak”.

Parte hartzeko, bide bat baino gehiago izango dugu. Ekainean, plana idazteko egin den diagnosiaren aurkezpen eta ekarpen fasea irekiko da: aurrez aurreko partaidetza saio bat egongo da datorren astelehenean, ekainak 17, 18:00etan Kulturaten, areto nagusian. Online inkesta bat martxan dago dagoeneko ekainaren 30a bitartean, eta idatziz edozein ekarpen egin ahal izango da BAZen aurrez aurre, eta BAZeko zerbitzu telematikoan arrasate.eus atarian.

Irailean, egindako diagnosi eta ekarpenen barruan, planean jasoko diren proposamenak aurkeztuko dira, eta gero, dokumentua hasieran onartuta, jendaurrean jarriko da, eta 45 egun naturaleko epea irekiko da ekarpenak egiteko.

Hurrengo partaidetza plan eta ekimenak

‘Arrasate Zeharkatuz’ ekimenak partaidetza prozesu ugari izango du; idatzi edo berridatzi beharko den plan bakoitzeko bat. Lehena Mugikortasun Plana izango da, baina gero etorriko dira Irisgarritasun plana; Klimaren, Energiaren eta Azpiegitura Berdeen plana; Hirigintza Genero Ikuspegitik Aztertzeko plana eta guztiak barnebilduko dituen Hirigintza Ordenamendurako Plan Orokorra (HAPO) berrikustea.

 

Deskargatu eskuorria hemen.