‘Arrasate 360º’ smart map berria aurkeztu du Udalak, Arrasateko bisita birtual autogidatua
2025/03/12
Arrasateko aberastasun historikoa ezagutu eta aztertzeko Smart Map interaktibo berria aurkeztu dute gaur Kulturaten. “Arrasate 360º” izeneko tresna digital berri honetan herriko mugarri arkitektoniko, historiko eta industrial esanguratsuenetan barrena ibilbide interaktibo bat egiteko aukera ematen du. Ekimen honek Erdi Aroko hiribildua eta Ondare Industriala hartzen dituen ibilbide digital bikoitza barne hartzen ditu, arnasguneak eta ingurune naturala barne hartzeaz gain. Smart Map hau aurretik zeuden turismo-ibilbideetatik abiatuta garatu da, eta teknologia aurreratuarekin optimizatu dira, esperientzia osoagoa eta berritzaileagoa eskaintzeko. Bisita 360.arrasate.eus webgunean dago eskuragarri.
Tokiko ekonomia eta enplegu zinegotzia den Jaime Bengoak aurkeztu du proiektu berritzailea. “Pasa den urteko udaberrian bisita gidatuak egingo zituen profesionalik gabe geratu ginen Arrasaten, eta sortu zen hutsunea aukera baliatu genuen proiektu hau martxan jartzeko. Eta hasiera baten turismoari begirako tresna izango zena, hezkuntza edota merkataritzarako aukera zabaldu dizkigun baliabidea bilakatu da. Izan ere, gaur hemen aurkezten duguna, proiektuaren hasiera besterik ez da”. Proiektua Arrasateko Udalak garatu du, EMOVERE-Smart Heritage-rekin eta Arrasate Zientzia Elkartearen laguntzarekin.
Arrasateko iragana eta oraina ezagutzeko aukera
Digitalizazio aurreratuko teknologiaren bitartez, Arrasateren hiri- eta industria-ondarearen irudikapen zehatza eskaintzen du, bereizmen handiko 8.000 irudi baino gehiagorekin aberastua. Gainera, herriko irudi zaharrak, bideoak eta dokumentu historikoak baliatzen dira gaur egungo egoerarekin alderatzeko, hiribilduaren bilakaera arkitektonikoa testuinguruan kokatzeko aukera ematen dutenak.
Gainera, geolokalizazio-mapan kokatzean, Smart Map honek esperientzia gidatu bat eskaintzen die aurrez aurreko bisitariei, denbora errealean, Arrasateko kaleetan barrena. Autogiatutako bisita bat da, online eta doain, deskarga beharrik gabe, eta edozein gailutatik erabiltzeko aukera ematen duena. Bisitariek beren kokapen zehatza ikusi ahal izango dute, aurrera egin ahala, interesgune bakoitzaren azalpenetara sartzen diren bitartean.
Ondarearen kontserbazio eta digitalizazioa
‘Arrasate 360º’-ren garapenak dokumentazio grafiko historikoa integratzea eta garrantzi handiko elementu arkitektoniko eta artistikoak digitalizatzea ahalbidetu du. Ondarearen digitalizazioan espezializatutako argazkilari profesionalei esker egin ahal izan da lan zehatz hau. Teknologia horri esker, garai desberdinetako espazio eta egitura jakin batzuk nolakoak ziren ikus daiteke, haien bilakaera ikusteko eta kontserbazioaren garrantzia ulertzeko aukera emanez.
Ezezagunak diren lekuak ezagutzeko aukera
Murgiltze ibilbide honen bitartez, askorentzat ezezagunak diren txokoak ezagutu ahal izango dituzte arrasatearrek. Gaur egun sarbidea ez duten gune hauek ezagutzeko aukera dago:
- San Frantzisko elizako aldare nagusiaren atzean ezkutatuta dagoen espazio batean dagoen freskoa ezagutu daiteke.
- San Juan parrokia:
- San Juan parrokian gurtutako Amandre Santa Inesen gorputz momifikatua ikusi daiteke.
- San Juan parrokiako kanpandorreko dorrean dagoen museo txiki bat ikus daiteke, eta bertan dauden elementuak ezagutu. Gainera, kanpandorreko kanpaiak eta bistak ikus daitezke.
- Herriko hainbat elementuren argazki-digitalizazioa ezagutu dezakegu: San Juan parrokiaren koruaren zurezko harlandua, hiribildura sarbide diren Erdi Aroko hiru ateak, Udaletxeko oinarrietan zizelkatutako neurriak, herriko etxe garrantzitsuenetako armarriak, hiribildua zaintzen zuen gaztelu zaharreko dorreen zimenduak Santa Barbaran, neurri handiko 5 erretaula, irudi erlijiosoak, muralak, beirateak eta eskulturak.
- Arrasate inguratzen duen ingurune naturalaren ikuspegi berri bat eskaintzen duten aireko bista paregabeak.
- Eraikin historiko garrantzitsuenetariko batzuen 3D modelatzea, hala nola ELMA, Art Déco estiloko eraikin industrial zaharra eta Vasco-Navarro trenaren geltoki historikoa, adibidez.
- Andikano Loiola jauregiko egurrezko galeriak ezkutatzen duen ezkutu heraldikoak.
Elkarlana, berrikuntza digitala eta kultura zabaltzeko konpromisoa
Proiektuaren garapena Arrasateko Udalarena izan bada ere, Arrasate Zientzia Elkartearen laguntza erabatekoa izan da. AZEk, Udaleko Turismo Sailarekin batera, eduki historikoak ikertu eta landu ditu.
Gainera ekimen honekin, kultura eta ondarearen dibulgazioari aplikatua berrikuntza digitalean jauzi esanguratsua ematen du Arrasatek, bere ondare historikorako sarbidea bermatuz plataforma irisgarri eta berritzaile baten bidez.
Arrasate 360º eskuragarri dago hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez). Murgildu zaitez Arrasateko historian eta ezagutu herria ikuspegi berri batekin.
Bisita birtualean nabigatzeko, egin klik esteka honetan.