Arrasateko Udalak 20 langabe kontratatuko ditu 2021eko Enplegu Planaren barruan

2021/10/14
Card image cap
Ekimenak helburu du herritar langabeen lan munduratzea bultzatu eta erraztea, enplegu aukerak eskaini eta herriaren garapen ekonomiko zein soziala sustatzeko, bereziki kolektibo zaurgarrienen artean

Arrasateko Udalak 20 langabe kontratatuko ditu 2021eko Enplegu Planaren barruan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin. Planak 394.188,13 euroko aurrekontua du, 280.019,76 euro Lanbidek finantzatuta eta 114.168,37 euro udalak. Ekimenak helburu du herritar langabeen lan munduratzea bultzatu eta erraztea, enplegu aukerak eskaini eta herriaren garapen ekonomikoa zein soziala sustatzeko. Lerro bi jarri dira abian, biak ala biak Lanbideren programa bi hauetaz baliatuta: ‘Enplegua Sustatzeko Toki-Ekintzak 2021’ langabeei orokorrean zuzenduta eta ‘Toki-erakundeak gazteak kontratatzeko laguntzak 2021’ 30 urtetik beherako langabeei zuzenduta.

Edurne Unamuno Sustapen Ekonomikoko zinegotziaren hitzetan, “egoera hobetzen doa, baina pandemia egoera konplexu batetik gatoz. Administrazio publikoen aldetik gure indar guztia jarri behar dugu herritarrak babesteko, susperraldia eraginkorra, justua eta orekatua izan dadin”.

Langabeei orokorrean zuzendutakoen kasuan, pertsona multzo zaurgarrienen alde egiteko, hobetsi da kualifikazio maila apaleko langabeentzako postuak eskaintzea:  lorategietako lantaldea, eraikinetako garbitzaileak, erreka eta natura guneen mantentze lanen peoiak, herritarren laguntzaileak… 17 kontratu izango dira brigadak osatzeko, eta abenduaren 31 baino lehen kontratatuko dira:

  • Erreka eta natura guneen mantentze lanen langileak: 4.
  • Herritarren laguntzaileak, kalean informazioa emateko eta elkarbizitza gaiekin herritarrei laguntzeko: 6.
  • Herriko lorategi publikoetan hobekuntzak egiteko lan taldea, ohiko mantentze lanak errazteko: 3.
  • Udal eraikinen garbiketa bereziak egiteko lantaldea, Covid-19aren ondorioz sorturiko garbiketa beharrei erantzuteko: 4.

Kontratatuko diren guztiak langabeak izan behar dira eta 5 hileko kontratuak eskainiko zaizkie. Lanbidek hala ezarrita, hautatutakoen artean, gutxienez ondoko multzo berezietako kupoak bete beharko dira: 55 urtetik gorako 2 pertsona, 6 emakume, eta diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren 5 pertsona.

Gazteen kontratazio programari dagokionez, azaroaren 30a baino lehen hasiko dira eta 3 kontratu egingo dira: Arrasateko turismo planaren lan ildoak garatzea eta Lezetxikiko erakusketa aurkezteko teknikaria, Arrasateko Udaltzaingoaren Gestiti programaren doikuntza egiteko teknikaria eta Euskaltegiko Moodle plataformako kudeatzailea. Kontratatutako guztiak langabeak izango dira eta 12 hileko kontratuak eskainiko zaizkie. Hautaketa irizpideen artean, hauek lehenetsiko dira, ordena honetan: DSBE prestazioaren titularrak edo onuradunak izatea, 30 urteko adinetik gertuen dauden pertsonak, eta baldintzak betetzen dituzten gainerako gazteak.

Izen ematea eta hautaketa prozesuak

Lanpostu guzti horien lan eskaintzak Lanbideko plataforman argitaratuko dira, eta izangaiek izena eman beharko dute plataformaren bitartez, lanpostu bakoitzeko izen emate bat eginik.  ‘Enplegua Sustatzeko Toki-Ekintzak 2021’ programari lotutako 17 kontratuei dagokienez, Lanbideko plataforman dagoeneko argitaratu dira lan eskaintzak (162021008277, 162021008284, 162021008364, 162021008381 eta 162021008302), eta bertan izena emateko epea irekita egongo da urriaren 21ra arte.  ‘Toki-erakundeak gazteak kontratatzeko laguntzak 2021’ programari lotutako 3 kontratuei dagokienez, aurrerago argitaratuko dira Lanbideko plataforman, eta  horren berri jasoko da udalaren web orrian.   Izena emandakoen artean,  Arrasateko Udalak hautaketa probak egingo ditu, postu bakoitzeko deialdiak ezarritakoaren arabera.

Lan deialdi bakoitzaren xehetasunak ezagutzeko edo informazio gehiago eskuratzeko Udalaren web orrian (www.arrasate.eus) eta BAZen  (Arano eta Garcia maisu-maistren kalea 8), 943 25 20 00 telefonoan eta baz@arrasate.eus-en.

8 lerro herrian enplegua bultzatzeko

Langabeen kontratazio plan hau Udalaren 2021eko Enplegu Planean kokatu behar da Plan hori 8 lerroz dago osatuta eta  753.688,13 euroko aurrekontua du: udalak herriko langabeak kontratatzea, interes publikoa duten proiektuak garatzeko (394.188,13 euro) Arrasateko Enpresetan herriko langabeak kontratatzeko dirulaguntzak (87.500 €); Tituludun berrien laneratzerako ekimenak (7.000 €); Enpresa berrientzako dirulaguntzak (35.000 €); Langabeentzako ikasteko dirulaguntzak (30.000 €); Ekonomia suspertzeko ekimenak (90.000 €); Ekintzailetzaren sustapena (60.000 €); eta lanerako prestakuntza (50.000 €).