15 posturekin itzuliko da Arrasateko baserritar azoka ekainaren 20an
2020/06/16Ekainaren 20an egingo da berriro Arrasateko baserritar azoka hiru hilabeteren ondoren. Lehena denez, azoka soila izango da eta ohiko postu gehienak egongo dira denetariko produktuak saltzen: barazkiak, ogia, gazta, pastak, patelak eta gozoak, kontserbak, eztia, marmeladak etab.
Karpek mugatu dute edukiera eta, ondorioz, ohikoak ez diren postu batzuk kanpoan geldituko dira eta bertako gutxi batzuk kale egingo dute. Dena den, pastak eta gozoak salduko dituzten arrasatear bi postu berri egongo dira.
Guztion segurtasuna bermatzeko, postuen artean segurtasun tartea utziko da eta gel desinfektatzailea egongo da guztietan. Salgaiak babesteko, mahaiak jarriko dira postuen eta bezeroen artean, eta postu guztiak alde bakar batera begira egongo dira, ohiko kokapenean aldaketa batzuk eginez.
Udalak dio Seber Altube plazan seguru ibiltzeko nahikoa toki egongo dela, beraz, “bezeroak lasai etor daitezke betiko, bertako eta sasoiko produktuak erostera”.