100.000 euro inguru pintaketak garbitzeko

2018/06/08
Card image cap
2018an 18.805,91€ gastatu ditu jada pintaden garbiketan eta legealdia hasi zenetik gaur arte garbiketa kostu hori 90.000 EUR tik gorakoa da, haur parke bat guztiz eraberritzearen kostu berbera

Asteburuan Arrasateko kaleak pintaketez josita azaldu dira; atzo berriz, Udaletxea.  

Arrasateko Udalak pintadak gaitzetsi ditu berriro.

Herriko ondarea da herri bati balioa, izaera eta nortasuna ematen diona eta herritar guztiona da. Arrasaten, ordea, gure herria eta beraz, gure ondarea zaindu ordez, zenbait lagunek pintadak egiten dituzte astebururo, herria eta ondare hori kaltetuz.

Arbolapetako arkua, gure ondare historikoaren parte garrantzitsu, orain gutxi berritu da eta dagoeneko behin baino gehiagotan jasan ditu pintaketak. Baita ere Udaletxeak edota kasko historikoak.  

Ez da zilegi horrelako ekintzak behin eta berriz errepikatzea, are gutxiago, gaur egun mezuak edota adierazpenak egiteko medio eta espazio desberdinak daudela kontuan hartuta: adierazpen panelak, pankartak jartzeko espazioak, sare sozialak, komunikabideak. Azkenean Arrasatek eta bereziki arrasatearrok ordaindu behar ditugu gutxi batzuk sortutako kalteak.

Arrasateko Udalak hurrengo mezua helarazi nahi die pintaketen egileei: ASKI DA, GUZTIONA DUGUN ONDAREA EZ EZAZUE BEHIN ETA BERRIZ KALTETU.