100.000 euro inguru pintaketak garbitzeko
2018/06/08Asteburuan Arrasateko kaleak pintaketez josita azaldu dira; atzo berriz, Udaletxea.
Arrasateko Udalak pintadak gaitzetsi ditu berriro.
Herriko ondarea da herri bati balioa, izaera eta nortasuna ematen diona eta herritar guztiona da. Arrasaten, ordea, gure herria eta beraz, gure ondarea zaindu ordez, zenbait lagunek pintadak egiten dituzte astebururo, herria eta ondare hori kaltetuz.
Arbolapetako arkua, gure ondare historikoaren parte garrantzitsu, orain gutxi berritu da eta dagoeneko behin baino gehiagotan jasan ditu pintaketak. Baita ere Udaletxeak edota kasko historikoak.
Ez da zilegi horrelako ekintzak behin eta berriz errepikatzea, are gutxiago, gaur egun mezuak edota adierazpenak egiteko medio eta espazio desberdinak daudela kontuan hartuta: adierazpen panelak, pankartak jartzeko espazioak, sare sozialak, komunikabideak. Azkenean Arrasatek eta bereziki arrasatearrok ordaindu behar ditugu gutxi batzuk sortutako kalteak.
Arrasateko Udalak hurrengo mezua helarazi nahi die pintaketen egileei: ASKI DA, GUZTIONA DUGUN ONDAREA EZ EZAZUE BEHIN ETA BERRIZ KALTETU.