10 ikastaro, 5 tailer eta dozenaka ekintzaz osatutako plangintza prestatu du Arrasateko Emakume Txokoak udaberrirako
2023/01/24Arrasateko Emakume Txokoak udaberrirako eskaintza zabala antolatu du berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen alde lan egiteko. Guztira 10 ikastaro eta 5 tailer eta beste hainbeste ekintza berezi antolatu dira. Jabetze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra egongo da zabalik.
Plangintza berriak eskaintzen ditu, beste behin ere, formazio eta topaketa guneak emakumeen ahalduntze pertsonalean eta kolektiboan eragiteko. Horrekin batera, egitarau zabala antolatu dute, herritarrak berdintasunera eta feminismora hurbildu guran, indarkeria matxistari aurre egiteko eta hausnarketa feminista kolektiboa bideratzeko.
Johanna Sanchez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “Emakume Txokoak, konfiantzazko gune segurua izaten jarraitu nahi du eta sustatu nahi ditu emakumeon arteko konplizitatea eta elkarlana; erreparatu nahi dio emakumeen aniztasunari eta bitartekoak jarri nahi ditu emakume guztien beharrei erantzuteko. Beti bezala, ateak irekita ditugu, norbanakoentzat, elkarteentzat eta taldeentzat, elkarlana sustatzeko eta Arrasaten parekidetasunaren alde lanean jarraitzeko”.
Jabetze Eskolako ikastaroez eta tailerrez gain, Emakume Txokoak askotariko ekimenak antolatu ditu herritar guztientzat: hitzaldi solasaldiak, ikuskizunak eta zine emanaldiak, besteak beste.
Martxoak 8a tartean duen plangintza izanik, egun horren inguruko ekimen bereziak ere izango dute tartea: Martxoak 8ko kartel lehiaketa eta erakusketa, emakume artisauen azoka eta gainontzeko sentsibilizazio ekimenak.
Jabetze eskolako proposamen berriak:
10 ikastaro eta 5 tailer antolatu dira otsailetik ekainera bitarteko plangintza berrian.
Horrekin batera, irakurketa feminista guneak 4 saio interesgarri antolatu ditu eta emakume migratuen gunean, tituluen homologaziorako aholkularitza saio bat ere izango da.
Plangintza honetan topatu daitezke hainbat proposamen, sustatu nahi dutenak, lanketa ezberdinen bitartez, emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa:
Landuko diren lan ildoak dira, besteak beste:
- Sormen artistikoa (Argazki ikastaroa, Antzerki ikastaroa, Musika eta Kantu ikastaroa….). Kultura adierazpen ezberdinei erreparatu nahi diogulako ikuspegi feministatik eta Sorkuntza eraldaketarako tresna izan daitekeelako.
- Gorputzaren zaintza eta osasunaren zaintza (Dantza ikastaroa, “Naizen gorputza maite dut”, Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, Chi Kung… Emozioak eta ahalduntzea, “Geure gorputzean eta etxean burujabe”). Gorputzaren gainean bizigarriak ez diren ereduei, heteropatriarkatuaren mandatuei erantzuten dietenei, aurre egiteko tresnak izateko, gorputzaren kontzientzia eta maitasuna eta ongizatea landuz. Ildo beretik genero rolak eta estereotipoak sortzen dizkiguten presioak eta eragiten dizkiguten ondoezak aztertzeko eta lantzeko. Emakumeon autonomia eta autoestimua lantzeko.
- Parte hartzeko tresnak (Nola hitz egin jende aurrean; Parkour tailerra; Noka tertuliak) Hainbat eremutan parte hartzerako ditugun oztopoei aurre egiteko tresnak eskuratzeko.
- Eztabaida feministak (Feminismoa eta hizkuntzaren erabilera; zahartzaroaren eta zaintza ereduen hausnarketa; sexu eta genero aniztasuna). Feminismotik garatutako ideia, hausnarketa eta eztabaidei, lekua eman eta konfiantzako giro batean eta hainbat adituen lanaren eskutik, gai ezberdinen inguruko ezagutzan sakontzeko.
Proposamen guztiak ikuspegi feminista batetik erreparatuko diete lantzen diren gaiei, eta bilatzen dute konfiantzazko giro batean landu ahal izatea emakumeon ongizatea, ahalduntzea eta parte hartzea.
Formatzaileak esparru askotako adituak dira eta aipatutako ikuspegi horretatik lan egiten dute. Ikastaroetan kontuan izaten dira emakume guztien beharrak, eta partaidetzako dinamikak sustatzen dira.
Egitarau orokorrean honakoak topatu daitezke hiruhileko honetan:
- M8ko kartel lehiaketa martxan dago, Martxoak 8: elkartu, saretu, ERALDATU! leloarekin. Lanak aurkezteko epea otsailaren 15era arte dago zabalik.
- Otsailaren 23an June Baonza Pagaldaik, Ama Ta Asunak proiektua aurkeztuko du Kulturaten: 6 bizi esperientzia, 6 hautu, 6 elkarrizketa, 6 obra grafiko, bideo bat eta instalazio bat biltzen dituen lana aurkeztuko du bertan.
- Martxoaren 6tik 17ra, martxoak 8ko kartelen erakusketa izango da ikusgai, Emakume Txokoan.
- Martxoaren 10ean, Martxoak 8ko testuinguruan, Bertso-klown saio ederra izango da, Kulturaten, Beatriz Egizabal, Miren Artetxe, Oihana Bartra eta Ane Labakarekin
- Martxoaren 23an, “Nuestra libertad” dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia izango ditugu. Teodora Vasquezek, dokumentalaren protagonistetako batek, El Salvadorren bizi duten abortuaren kriminalizazioaz hitz egingo du, eta kondenatuak izan diren emakumeen esperientziaren berri emango digu.
Informazio osoa, bai Jabetze Eskolakoa, bai egitarau zabalekoa ere, eskuratu ahal da jada etxeetan banatu den liburuxkan, udalaren webgunean eta Emakume Txokoaren sareetan.
Bestalde, gogorarazi, Emakume Txokoaren arreta eta informazio zerbitzuak martxan direla ohiko ordutegian. Zerbitzu horietako bat Doako Aholkularitza Juridikoa da. Aurreko hiruhilekoan zerbitzua indartu eta osatu ondoren arreta eskaintzen da, hilean behin, astelehenetan, Emakume Txokoan. Arreta juridikoa jasotzeko hitzordua eskatu behar da aldez aurretik.