Zenbateraino egiten dugu euskaraz Arrasaten?

17/11/2014
Card image cap
25 urtetan aritu da Arrasateko Udala gure herriko kaleetan zenbat euskara egiten dugun neurtuz. Azaroaren 19an eta 26an urte horietan egindako lanaren emaitzak jakingo dira Kulturaten.

Aspaldiko urteotan, aurrerapauso handiak eman ditu Arrasatek euskararen normalizazioan. Ahalegin horri esker, gero eta gehiago dira euskaraz dakiten arrasatearrak, eta 40 urtetik beherakoetan, esaterako, oso gutxi dira euskaraz ez dakitenak. Euskararen erabilera ere gero eta handiagoa da, zenbait alorretan egindako lanari esker: aisian, zerbitzuetan, herri komunikabideetan, merkataritzan, enpresetan... eta Udaletxean ere bai. Arrasaten euskararen alde ari diren erakundeek, Arrasateko euskalgintzak alegia, bultzatu eta bideratu dute, gehienbat, lan hori.

25 urtetan egindako neurketak

Euskaraz jakitea inportantea da oso. Baina euskara jakitea bezain inportantea da erabiltzea. Hori dela eta, 1988 urtetik hona Arrasateko Udalak euskararen kale erabilera neurtu du, AEDrekin elkarlanean. Hortaz aparte, beste hainbat esparrutan ere neurketak egin ditu, euskararen erabilera zein den jakiteko.

Hortaz, bada, urteotan egindako lanaren eta haren emaitzen berri emateko asmoz, bi hitzaldi antolatu ditu Arrasateko euskalgintzak azaroan, Euskararen eguna dela eta. Batetik, Euskararen erabilera Arrasaten, azaroaren 19an, eta, bestetik, Euskara: zelan goaz, azaroaren 26an. Biak ere, Kulturateko areto nagusian, 19:00etan. Hona hemen bi hitzaldion xehetasunak:

Euskararen erabilera Arrasaten hitzaldia

Hizlaria: Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikaria

Eguna: azaroaren 19a

Ordua: 19:00

Tokia: Kulturateko areto nagusia (Arrasate)

Euskararen egoera ona den edo txarra den, hobera doan edo okerrera doan galdetzen digutenean, askotan ez dugu jakiten nola erantzun, eta sarri erantzuna bera oso modu subjektiboan ematen dugu. Zentzu horretan, gero eta garrantzitsuagoa zaigu euskararen egoera eta bilakaera modu objektiboan baloratzeko aukera ematen diguten datuak izatea, eta datu horien artean bada bat herriko euskararen errealitatea adierazteko funtsezkoa dena: kalean euskara zenbat erabiltzen den, hain zuzen ere.

Kale erabileraren datua funtsezkoa da herri mailan hizkuntza errealitatea ezagutu edota planifikatu nahi duen edonorentzat. Euskararen aldeko sustapena aurrera eraman ahal izateko baliabideak mugatuak izan ohi direnez, beharrezkoa zaigu premiarik larrienak zein diren ezagutzea, lehentasunak finkatzea, eta ondoren horietan eragiteko ekimenak martxan jartzea.

Neurketak, besteak beste, adin talde bakoitzak kalean euskara zenbat erabiltzen duen esaten digu, eta horrek erraztu egiten digu ondoren lehentasunak non dauden erabakitzea. Gainera, kale erabileraren neurketa maiztasun batekin eginez gero (urtero, bi urtez behin...), urtetik urtera gertatzen den bilakaera ezagutu ahal izango dugu, eta modu horretan herrian izaten diren hizkuntza

Euskara: zelan goaz? hitzaldia

Hizlaria: Andoni Egaña

Eguna: azaroaren 26a

Ordua: 19:00

Tokia: Kulturateko areto nagusia (Arrasate)

Pernandoren egia badirudi ere, esan dezagun erabilerak lehendabizi eskatzen duen baldintza ezagutza dela, eta horretarako bide segurua da eskolarena. Eskolaren ekarpena ikaragarria izan da euskarak egin duen aurrerakada egin ahal izan dezan. Baina erabilerak, ezagutzaz gain eta aldi berean, gutxienez beste bi baldintza ere betetzea eskatzen du: erabiltzeko borondatea eta erabiltzeko aukera. Bi faktore hauek eskolaz haratagoko faktoreak dira, eskola barruko lau hormen artean itotzen ez diren faktoreak alegia. Bi faktore horiek eskolaz haratagoko faktoreak dira, eskola barruko lau hormen artean itotzen ez diren faktoreak alegia.

Ezagutzaren eta erabileraren hazkundeen arteko diferentzia ulertzeko hainbat arrazoi aipatu behar dira. Gaur egun, aurreko garaietan ez bezala, pertsona elebidun gazteen artean, gero eta gehiago dira lehen hizkuntza euskara izan ez dutenak; beste era batera esanda, jatorrizko hizkuntza, hizkuntza naturala gaztelania duten gazte elebidunak gero eta gehiago dira. Bestalde, gaur egun, aurreko garaietan ez bezala, eskolan euskara ikasi duten pertsona askok eguneroko bizitzan euskaraz naturaltasunez jarduteko aukera gutxi dute.

Jakina denez, hizkuntza baten erabileran neurri erabakigarrian eragiten duten bi faktore, honako hauek dira: hiztunaren hurbileko dentsitate demo-linguistikoa, batetik, eta hiztunak hizkuntza horretan komunikatzeko duen gaitasun erlatiboa, bestetik. Kontuan hartzen badugu hiztun hori ez dela elebakarra, erraz ohartuko gara faktoreon eragina erabatekoa izaten dela. Hori da gure errealitatea edo, hobeto esanda, hori ere bada gure errealitatea. Errealitate hori ezin da egun batetik bestera aldatu, eta, gainera, ezinbestekoa da euskararen aldeko politikarekin, eta bai eskolatik haratago harreman-sare euskaldunak bultzatuz, euskara ahalik eta modurik naturalenean haz dadin.