Udaltzaingoak 1.047 pertsona identifikatu, 2.900 auto gainbegiratu eta 119 santzio proposamen egin ditu konfinamendu-aldian

17/04/2020
Card image cap
Hilabete honetan, Osasun Zentroetan 115 kontrol gauzatu dituzte, erosketa guneetan (dendak, farmaziak…) 155, eta herriko leku publiko ezberdinetan barrena 165.

Arrasateko Udaltzaingoak balantzea egin du koronabirusaren krisia dela-eta Alarma Estatuak hilabete bat bete duenean. Lehen unetik Udaltzaingoaren zerbitzuak egokitu dira, funtsean, Udalak hartutako eta Estatuko Gobernuak Errege Dekretuan babestutako konfinamendu-neurriak zaintzeari eta betetzeari dagokionez. Udaltzaingotik zehaztu dutenez, “alarma egoera hau hasi zenetik Udaltzaingoaren lanean aldaketa nabaria izan da, orain arte Udaltzaingoaren jardueran zama handia zuten zenbait arlo batzuk pisu gutxiago dute (trafikoa esaterako) eta beste batzuek garramtzia handiagoa hartu dute (segurtasuna esaterako), nahiz eta  gure eskumeneko alor guztietako lanak betetzen jarraitu. Egunerokotasunak eskatzen dituen jarduerak gutxitu dira jendea etxean dagoelako baina, handitu egin dira segurtasunari dagozkion kontrolak eta herritarra artatzea euren zalantzei erantzunda”.

Zentzu horretan, Udaltzaingoaren lana, “ezinbestekoa” izan da, adierazi du Udalak, herritarrei zein gremio ezberdinetako langileei arreta eskainiz, konfinamendu neurri horiek betetzea, eta kalera ateratzea edo baimendutako kasuetan zirkulatzea defendatuz eta zainduz.

Balantze horretan, Udalak udaltzaingoaren lana “ezinbestekotzat” jo du eta herritarren betetze "eredugarri eta egoki" gisa definitu ditu, oro har, eta arreta eta zaintza jarduera horietan izan diren gorabeherak zehaztu ditu. Momentu honetan Udaltzaingoaren lana 3 esparru nagusitan kokatzen da: segurtasuna, Udalaz gaindiko erakundeekin eta Udaletxeko beste Sailekin egiten den lankidetza, eta herritarren arreta.

Konfinamendu garaiko datuak

Alarma Estatua indarrean sartu zenetik, Udaltzaingoak 1.047 pertsona identifikatu ditu, eta 119 santzio proposamen egin dituzte arauak ez betetzeagatik. Era berean, 2.900 ibilgailu baino gehiago gainbegiratu dira.

Bestalde, hilabete honetan, Osasun Zentroetan 115 egiaztapen gauzatu dituzte,  erosketa guneetan (dendak, farmaziak…) 155, eta herriko leku publiko ezberdinetan barrena 165  (Gernika zumardian, Santa Barbara Parkean, bide gorrietan, errepideetan, Erdialdeko eta auzoetako kaleetan, etab).

Herritarrei arreta emateko aktuazioak ere areagotu dira: “Bizi dugun egoera honetan garrantzi handikoa da berau. Herritarrek dituzten zalantzak argitzea, dugun legedi aldakorrak sortarazitako zalantzei erantzunez Udaltzaingoak duen informazio guztiarekin, gremio eta profesional ezberdinen beharrei erantzutea, eta bizikidetzak sortarazitako arazoetan laguntzea, bitartekaritza lanak egitea. Horretan ere Udaltzaingoa beharrezko da” zehaztu du Udalak.

Udalak konfinamendu neurriak betetzeko beharra azpimarratu du, baita Udaltzaingoak burutzen duen zaintzari eustea ere, "ezin garelako erlaxatu; beharrezkoa da. Birusari horrela irabazten diogu, etxean geratuz. Orain arte egin eran, herritar arduratsuak izatea tokatzen da eta modu eredugarrian jarraitzea neurriak betetzen”.