Udaberriko X. Musikaldia musika mota ezberdinekin disfrutatzeko
01/04/2014X.Musikaldia Xabier Lizaso piano-joleak eta Andoni Egaña bertsolariak zabalduko dute, apirilaren 4an “Bi arreba” emankizunarekin eta apirilaren 13an Mikel Laboaren esentziarekin itxiko da, “Zazpi aldiz elur” ikuskizunarekin, hain zuzen.
Hamargarren musikaldia, berezia, gaur, apirilaren 1ean, aurkeztu dute Arrasateko Kulturaten. Bertan izan dira, alde batetik, Kepa Urteaga, kulturako zinegotzia; Karmelo Alberdi, kultura teknikaria; eta, bestetik, Musikaldian parte hartuko duten Arrasateko hiru taldeetako ordezkariak: Marta Izagirre, Arrasate Musikaleko zuzendaria; Inazio Olaizola, Arrasateko Txorbela otxoteko kidea eta Juan Antonio Barriocanal, Arrasateko Goikobalu abesbatzako kidea. Beraien ustez, aurtengo Musikaldiko programa “jendeari asko gustatuko zaio” eta azpimarratu dute “musika mota ezberdinekin disfrutatzeko aukera paregabea” dela.
Hamar urteko abentura musikala
Herriko kultura eskaintzan mugarri berria finkatzeko helburuarekin sortu zuen Udalak Musikaldia. Musika klasikoaren inguruko eskaintza egituratzeko asmoarekin. Denborarekin, Arrasateko musikarien erakusleiho bilakatu dugu bai izen propio nahiz musika taldeentzat. Ezin ditugu ahaztu hamar urte hauetan izan ditugun musikari arrasatearrak: Alberto Urretxo, Nestor Morales, Mikel Olazabal, Mikel Albistu, Aitor Olea… Arrasate Musikaleko okestra, Goikobalu eta Txorbela otxotea.
Atzera begira jarrita, eskertza publikoa egin gura izan diete San Juan eta San Frantzisko Parrokiei, beti jarrera irekiaz eta begi onez hartu dutelako Musikaldia. Bestetik, egitaraua osotzerakoan emandako arnasa, jarrera, aholkua eta bultzada eskertu gura izan diete hasiera-hasieratik ondoan izan dituzten Inazio Olaizola eta Conductus Ensembleko zuzendari, Andoni Sierrari, baita Arrasate Musikal eta Goikobalu Abesbatzari ere (aurten 25. Urteurrena ospatzeko prest dagoena).
Musikaldiari buruzko lau aipu
- 10 urtetan 50 kontzertutik gora biltzeko gauza izan gara
- Honez gero urteko egitarauan erreferentzia bilakatu delakoan gaude eta horrela ez bada datozen urteetan horretan ahaleginduko gara.
- Zerrenda luzea litzateke baina kontzertu gogoangarriak bizi izan ditugu: Lausardi abesbatzarena, KUP abesbatzarena, Leioa Kantika korala, Judit Jauregi pianojolea, Cristina Sanchez, arpajolea. Aitor Olea e.a.
- Programazioari dagokionez 10 urteotan eskaintza anitza izan dela esan genezake, Erdi Aroko Musika, barrokoa, erromantikoa, gaur egungoa, euskal musika. Bakarlariak, laukoteak, orkestrak, abesbatzak urtero..
Egitarauaren giltza nagusiak
Egañaren bertsoekin hasi eta Mikel Laboaren unibertsoaren islarekin bukatuko dugu. Halaxe da, Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso pianojoleak “Bi Arreba” ikuskizunarekin hasiera emango diote aurtengo ekitaldiari eta Bernardo Atxagak idatzitako “Zazpi aldiz elur” ikuskizunak emango dio amaiera; bi astebukaera oso musikaz disfrutatzeko aukera ederra da.
Aurtengo kontzertuetako egitarauetan euskal autoreak garrantzia berezia daukate: Juan Arzamendi, JC Arriaga, P. Sorozabal, J. Elberdin, J. Busto eta E.Mocoroa
X. Musikaldia ez da oso ortodoxoa, Izan ere musikaren muga klasikoak apur bat gainditzen ditugu: bertsoaren ikutua eta hegoamerikako tradizioa lagun.
Itsasoz bestaldeko ordezkaritza izango dugu gure artean Argentinako Opus cuatro taldearekin.
Osagai hauekin guztiekin egitarau erakargarria prestatzen ahalegindu gara ikusleen gozamenerako.
Egitaraua hemen.