Txakurrak aske ibiltzeko hiru gune prestatuko ditu Arrasateko Udalak

05/09/2014
Card image cap
Iraila eta urrian zehar informazio kanpaina bat gauzatuko du, txakurren jabeei gogorarazteko euren erantzukizunak zeintzuk diren eta haien inguruan zer araudi dagoen indarrean.

Azken urteotan Udalak hartutako neurriekin jarraituz, eta indarrean dagoen araudiak ezartzen  duen puntu zehatz bat beteaz “txakurrak paseoan ibili eta jolasteko seinaleztatutako gune egokiak egokitzen ahalegintzea", Arrasateko Udalak ezaugarri horiek betetzen dituzten hiru gune prestatuko ditu irailean zehar.

Gune horiek proba pilotu bat egiteko dira eta honako lekuetan egongo dira:

  •  Deba ibaia kalea (Mankomunitateko bulegoen atzealdearen aurrean)
  • Zalduspe aldean (ospitale berriaren atzealdean)
  • Gorostitzako landetako behealdeko aldean. 

Guneen ezaugarriak

Hirurak mugatutako berdeguneak izango dira eta animaliek jolas egiteko nahikoa lekurekin. Gune hauek, gainera, hiri altzariak izango dituzte eta egoerarekin bat datozen seinaleak jarriko dira.

Gune horietan txakurrak aske ibili daitezke (arriskutsuak izan daitezkeenak izan ezik, beti egon behar baitira loturik eta muturrekoaz) jabeen ardurapean eta beti adinez nagusi den batek lagunduta. Beste edozein egoeratan bezalaxe, txakurren arduradunek txakur kakak jaso beharko dituzte eta hartarako jarritako paperontzietan utzi.

Informazio kanpaina

Udalak animalientzako jolasgune hobeak eskaintzea du helburu gune berriak prestatuz eta hiri inguruan haien baldintzak hobetuz.  Era berean, txakur jabeen eta gainerako herritarren arteko elkarbizitza bultzatu gura du, eta horretarako informazio kanpaina bat abiatu du txakur-jabeei zer betebehar dituzten gogorarazteko.

Izan ere, bistan da udalerrian biztanleen bizikidetza egokia izateko, indarrean dauden arauak errespetatu behar direla.  Eta Udalak, batez ere, errespetatu beharreko  bi arau nabarmendu ditu:  hiri bideetan eta herriko gune publikoetan txakurrekin lotuta ibiltzearena (gainera, muturrekoaz arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak) eta animalien gorotzak edo kakak jasotzearena.

Udalak bi hilabete iraungo duen informazio kanpaina jarri du abian, beraz. Txakur-jabe guztiei etxera bidali zaie gutun bat informazioa emanez hiru guneei buruz, txakur-jabe diren heinean, euren erantzukizunak zeintzuk diren azalduz eta indarrean zer araudei dagoen gogoraraziz. Bestalde, Arrasateko atari guztietan alkatearen Bando bat ezarriko da aste honetan bertan, hiru guneei buruzko informazioaz. Iraila eta urrian zehar, gainera,  Arrasateko Udaltzainek bereziki zainduko dute txakur jabeek oinarrizko arauak betetzen dituzten ala ez.

Udalak nahiko luke txakur jabeek beraien erantzukizunak “ganoraz” betetzea, indarrean dagoen zigor araudi zorrotza aplikatu behar izan barik:

  • Txakurra aske, 300€ eta 1.500€ arteko isuna
  • Gorotzak edo kakak jaso ez izana, 30€ eta 300€ arteko isuna
  • Arriskutsua izan daitekeen txakurra muturrekorik gabe edo kateaz loturik gabe, edo arriskutsuak izan daitekeen txakurra erregistratu gabe egotea, 300 € eta 2.404€ arteko isuna

Arriskutsua izan daitekeen txakur bat edukitzea lizentziarik gabe, 2.404€ eta 15.025€ arteko isuna.