Nordic walking ikastaroak uztailaren 12 eta 19an
10/07/2017Uztailera begira Udal Kirol Zerbitzuak antolatuta dituen ikastaroen artean Nordic Walking edo Ipar Martxarena aurkitu dezakegu. 5 orduko kurtso trinkoa izango da, 27,25 euroko prezioa izango du eta 15 pertsonendako plazak egongo dira. Ikastaroak uztailaren 12an eta 19an emango dira eta bi txandatan banatuta egongo dira, goizez eta arratsaldez:
- Goizez: 10:30-13:00
- Arratsaldez: 17:00-19:30
Aipatzekoa da erabili beharreko materiala Kirol Zerbitzuak eskainiko duela eta parte hartzeko Kiroldegiko harreran izena ematearekin nahikoa dela. Kontutan hartu hala ere, plaza mugatuak direla eta horregatik interesatuek lehenbailehen izena ematea komeni dela.
Nordic walkinga edo Ipar martxa, dagoeneko ezaguna egin den ibiltzeko modua da, hankei ez ezik, besoei eta orokorrean soinaren goiko alde osoari eragiten diona, atsegina, leuna eta aldi berean oso eraginkorra, giharren indarra, bihotza, koordinazioa eta mugikortasuna areagotzen dituena. Eta jakina denez, jarduera hau praktikatzeko berariazko bi makil behar dira.
Dituen onurei dagokienez hauek dira nabarmenenak:
- Makilarik gabe oinez ibiltzea baino eraginkorragoa da.
- Artikulazioen gainkarga korrika egiterakoan sortzen dena baino txikiagoa da.
- Gorputzeko giharren %90 lantzen ditu, erretzen den kaloria portzentajea handituz.
- Oxigenoaren horniketa areagotzen du.
- Garondo eta zerbikalen tentsioa arintzen du.
- Estresari aurre egiten laguntzen dio.
- Bihotzaren lana eraginkorrago bihurtzen du.
- Babes sistema indartzen du.
- Zahartze prozesua atzeratzen du.