Nagore Gomezek 400€ko saria irabazi du gidabaimena euskaraz ateratzeagatik
04/02/2016Arrasaten 2015ean gidabaimena euskaraz atera zuten herritarren artean zozketa egin da. Hain zuzen, azterketa teoriko baten prezioa zozketatu da, 400 €, eta zozketan irabazlea, Leniz Autoeskolan gidabaimena atera zuen Nagore Gomez izan da.
Debagoieneko Mankomunitateak eta bailarako euskara zerbitzuek egindako lanari esker, autoeskolen esku jarri zen 2009an azterketa teorikoa euskaraz lortzeko materiala:
- Teoriko orokorreko eskuliburua
- Testak (ikasleek Internet bidez egiten dituzte testak)
- Multimedia programa (euskaraz entzuteko eta 3D ikusteko)
- Autoeskolan eduki beharreko panel informatiboak elebitan
- Terminologia hiztegia
Gainera azpimarratzekoa da gaur egun Arrasateko autoeskola guztietan posible dela euskaraz prestatzea azterketa teorikoa. Ekimen honi bultzada emateko, Arrasateko Udalak urtero egitasmoaren sustapen kanpaina egiten du udaberri aldera.
Aurten ere egitasmoaren berri emango du Euskara zerbitzuak ikastetxeetan eta autoeskoletan, horretarako prestatutako diptikoen bidez; “Arrasateko herritarrak animatu nahi ditugu gidabaimena euskaraz ateratzera”.