Musakolako kanpoko igerilekuetan 18.000 pertsonatik gora pasa dira dagoeneko

21/07/2015
Card image cap
Musakolako kanpoko igerilekuak zabaldu zirenetik udako denboraldiari hasiera emanez, ekainaren 20an, 18.000 lagunetik gora pasatu dira bertatik

Ekainaren 30a erabiltzaile gehien jaso den eguna izan da orain artean, hain zuzen, 1.821 pertsona hurbildu ziren Musakolako ur putzuetara. Aldiz jende gutxien erakarri duen eguna pasa den domeka izan zen, eta hala ere, 335 lagun animatu ziren. Bataz bestekoak eginez, eguneko 1.000 lagun inguru pasatu direla esan daiteke.

Instalazio hauetan eguraldiak eragin zuzena du jendearen etorreran eta zorionez, aurtengoan, topera disfrutatzeko aukera eskaintzen ari da. Espero dugu horrela jarrai dezala, arrasatearrek kanpoko instalazioak aprobetxatu ditzaten.

Igerileku ertaina berriz zabalik

Uraren kalitatea zaintzeko hilero egin ohi diren analisiei esker, astelehen eguerdian jakin zuen Kirola Sailak igerileku ertainean Pseudomona aeruginosa bakteria agertu zela. Ondorioz, 742/2013 Errege Dekretuak agindutakoa betez, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, igerileku ertaina itxi egin zen.

Pseudomona bakteriarekin akabatzeko kloro bidezko tratamendu berezi bat egin zuten kiroldegiko langileek astelehenean bertan, biharamunean analisiak egiteko mostrak hartu ziren eta analisiak egin ondoren, gaur goizean laborategitik baieztatu dute uraren kalitatea berriz ere egokia dela. Ondorioz, zabalik dago igerileku ertaina goizean goizetik.

Higienea zaintzearen garrantzia azpimarratu nahi zaiei erabiltzaileei. Izan ere, bakteria hau pertsonetan aurkitzen da, gorputzeko eremu hezeenetan -beso azpiak, belarri zuloak, uzki ingurua…-, eta igerilekura iristen da bere gorputzean daraman norbaitek bertan bainua hartzeagatik.

Halakoak edo antzerakoak neurri handi batean ekidin daitezke neurri erraz hauen bidez:

  1. Uretara sartu aurretik ondo dutxatuz.
  2. Bainu jantziaren azpitik galtzontzilo edo kuleroak ez jantziz.
  3. Kirola egiteko arroparekin uretan ez sartuz.

Toboganak jarriko dira datozen egunotan

Iaz 2 tobogan jarri ziren kanpoko igerileku handian gaztetxoenen gozamenerako baina ez zuten askorik iraun, izan ere, bi asteren buruan apurtzen hasi ziren eta erabiltzaileen segurtasuna arriskuan ez jartzeko, erretiratu egin ziren.

Datozen egunetan berriz ere tobogan berriak jarriko dira. Udalak bereziki eskatzen die erabiltzaileei erabilera zuzen eta egokia egin dezatela, kartelek diotena errespetatuz baita sorosleen esanei ere.