Musakolako hitzaldi biak jendez lepo
14/11/2014Atzo abiatu zen Arrasateko Hondakinen Mahaiak iragarritako informazio kanpaina, Musakolako jubilatuen tabernan emandako bi hitzaldiekin. Jendez lepo egon zen jubilatuen taberna bai euskarazko, bai gaztelaniazko hitzaldietan eta zenbait pertsona kanpoan geratu behar izan ziren lekurik ez zelako geratzen. Hitzaldiotan, hondakinen mahaiko kide batek erdietsitako akordioak azaldu zituen eta mankomunitateko informatzaileek hondakinak nola sailkatu behar diren eta edukiontzi berrien erabilera azaldu zuten. Bertaratutakoek interes handia agertu zuten hondakinak gaika biltzearen inguruan.
Informazioa eta material banaketa
Informazio kanpaina hau guztira bost auzotan egingo da. Auzo bakoitzean bina hitzaldi emango dira, eta astebetez informazio bulegoa ezarriko da, edozein herritarrek hondakinen sailkapenaren edo gaikako edukiontzien erabileraren inguruan dituen zalantzak bertan argitu ahal izateko. Informazio bulego honetan banatuko zaio, baita ere, etxebizitza bakoitzari errefusarentzako ontzi grisa, hondakin organikoarentzako ontzi marroia, edukiontziak zabaltzeko txartela, poltsa konpostagarriak, hondakinen sailkapenerako gida eta hiztegia. Informazio bulegoa eta materialaren banaketa lokal berdinean eta ordutegi berdinean izango dira auzo guztietan.
Musakolako informazio bulegoa datorren astelehenean zabalduko da, azaroaren 17an, Kiroldegian. Honako ordutegia izango du: 10:00-13:00 eta 15:00-19:00