Lanera bizikletan joateko hainbat baliabide eskura
31/10/2014Gipuzkoako Foru Aldundiak Eskoriatza, Arretxabaleta, Arrasate eta Oñatiko Udalekin elkarlanean lantzen ari den kanpaina da “Lanera bizikletan”, eta atzo Kulturaten aurkeztu genien Arrasatearrei egitasmoa.
Diputaziotik Unai Erroitzenea etorri zen eta berak azaldu zuen kanpainaren zergatia: Azpimarratu zuen oinez edo bizikletaz ibiltzeak dituen onurak, osasunerako ez ezik, ingurumenean eta hirigunean ere. Gaineratu zuen gure herriak distantzia aldetik dituen ezaugarriengatik, errez dugula laneko joan etorriak oinez edo bizikletaz egiteko: lanerako distantzia gehienak autoa hartu barik erraz eta modu seguruan egin ditzakegu.
Erroitzeneak azpimarratu zuen mugikortasun modelo berri batera jo behar dugula eta “Lanera bizikletan” kanpaina dela bide horretan egiten ari diren ekintzetako bat.
Tresnak eta baliabideak eskura
Duela gutxi etxe guztietan bidal izen triptiko bat bizikleta bideen informazioarekin, eta gainera www.lanerabizikletan.net helbidean beharrezko informazio guztia dago eskura. Herritarrak bizikletan edo oinez mugitzera animatzeko, kanpaina honek beste zenbait tresna eta baliabide eskaintzen ditu; Erroitzeneak aipatu zuen lantegietan bizikleta aparkalekuak eskatzeko aukera izango dela, doako telefono bat ezarriko dela informazioa emateko, eta erabiltzaileen artean sare sozial bat sortuko dela, beraiekin hartu-eman zuzena izateko.
Udalak ere aurkeztu zuen kanpaina honekin lotuta zuzenean egiten dabilen lana eta honi lotuta dituen etorkizunerako asmoak. Besteak beste, bizikletaren erabilera sustatzeko egiten ari garen hainbat ekintzen berri eman genuen. Era berean, aurkeztu ziren udalerrian eginak dauden eta egiteko dauden bizikleta bideak
Ekarpen eta iradokizun asko
Atzoko aurkezpenean izan ziren Udaleko ordezkariak oso balorazio positiboa egin dute “herritarrek interesa eta gogoa erakutsi dute bizikletaren erabilera Arrasaten sustatzeko”. Azpimarratu dutenez, “aurkezpenera etorri zirenen aldetik aldetik galdera, ekarpen eta iradokizun asko egon zen, dena jarrera positiboan eta gauzak aurrera joan daitezen bultzatzeko eskaerekin”.