Jubilatuentzat hitzaldi praktikoak hondakinak nola sailkatu azaltzeko

24/10/2014
Card image cap
Urriaren azken astean lau jubilatu etxetan emango dituzte hitzaldiak informatzaileek eta Hondakinen Mahaiko kideek. Irudien bidez eta modu praktikoan, hondakinak zelan sailkatu azalduko dute.

Arrasaten organikoaren bilketa selektiboa ezarri bitarte, bi fase emango zirela iragarri zuen Hondakinen Mahaiak, maiatzean emandako prentsaurrekoan: Barreiatuta zeuden edukiontzi berdeak kendu eta lauko edukiontzi guneak ezarrita daude jadanik. Hurrengo pausoa izango da edukiontzi berdea kentzea eta eta beste bi edukiontzi berri jartzea: marroia (organikoaren bilketarako) eta grisa (errefusaren bilketarako).

 Kontzientziazioa eta informazioa

 Bigarren fase horretan sartu aurretik, baina, kontzientziazio eta informazio lan bat egitea beharrezkoa da, denok organikoa ondo berezitu dezagun.

 Horregatik, informatzaileek eta ingurumen zinegotziak izan dituzte jadanik elkarrizketak ikastetxeetako arduradunekin (Ikastola, Herri eskolak, MU eta  institutua), baita osasun zentroekin ere  (Aita menni, San Juan de Dios, ospitala, Iturbide egoitza) eta landa auzoetako bizilagunekin.  

 Bestalde, kirol, kultur eta elkarte gastronomikoekin hitzaldi hezitzaileak antolatu dira eta industriak bisitatu dituzte, batzuei jada edukiontziak ere entregatu zaizkie.

 Hondakinen inguruko informazio bulegoa maiatzetik dago zabalik BAZen, eta hara edonork jo dezake edozer zalantza argitzeko. Horrez gain, Arrasatearrei zuzen-zuzenean emango zaie hondakinak ondo berezitzeko beharrezkoa den informazio guztia,   ekimen ezberdinen bidez.

  Jubilatuentzat hitzaldi informatiboak

  Informazio eta kontzientziazio lanarekin jarraitzeko, urriko azken astean jubilatuentzako hondakinen inguruko hitzaldi informatiboak emango dira lau jubilatu etxetan. Irudien bidez, eta modu praktikoan, hondakinak nola sailkatu azalduko dute informatzaileek eta Hondakinen Mahaiko kide batek. Hona hemen hitzorduak:

  Urriak 27, astelehena: Toki Argi jubilatu etxea 19:00
  Urriak 28, asteartea: Uribarri jubilatu etxea 17:30
  Urriak 29, asteazkena: Musakola jubilatu etxea 17:00
  Urriak 30, osteguna: Etxaluze jubilatu etxea 17:30

Etorkinekin ere datorren astean

EKIN emakumeak taldekoek ostegun goizetan eta ostiral arratsaldeetan etorkinei euskara irakasteko saioak egiten dituzte. Informatzaileak bertara joango dira irudien bidez eta modu praktikoan hondakinak nola sailkatu azaltzera:

 Urriak 30, osteguna: Pablo Uranga behean ( EKIN emakumeaken lokala) 10:30

 Urriak 31, ostirala: Etxaluzen (Solozar gela) 16:00


  Komertzioak bisitatzen ari dira

  Oraintxe organikoa eta errefusa atez ate jasoko zaien komertzioak bisitatzen ari dira informatzaileak. Hemen sartzen dira jatetxe, taberna, kafetegi, fruta denda, arraindegi, harategi, bazarrak eta supermerkatuak. Hauek guztiak organiko eta/edo errefusaren sortzaile handiak kontsideratzen dira.

  Komertzio hauen erronda amaitutakoan, frakzio guztiak edukiontzietara botako dituzten komertzioak bisitatuko dituzte. Hauek dira aurreko taldean ez dauden beste komertzio guztiak: arropa denda, estanko, bulego, farmazia, paper denda, okindegi, zapata denda eta, orokorrean, errefusa eta organikoaren sortzaile handiak kontsideratzen ez direnak.

  Komertzioei egindako bisitak aprobetxatzen dira poltsa konpostagarriak saltzeko interesa izan dezaketen dendei honen inguruko informazioa emateko.