Hastear dira eskoletan hondakinen inguruko formazio saioak
17/11/2014Hondakinen inguruko arazoa aurkeztu, hondakinak tratatzeko dauden metodoak ezagutu, gaikako bilketaren garrantziaz jabearazi (ia hondakin mota guztiak berrerabili edo birziklatu daitezke), Arrasaten hondakinak zelan biltzen ditugun eta zelan biltzen hasiko garen ikusi... eta, batez ere, tailer hauetan ikasleekin batera hausnartzen da egungo egoera aldatzeko zer garrantzia duen, adibidez, modu arduratsuan kontsumitzeak ( plastikozko poltsen erabilpena murriztu, erabili tuperra...)
Mural eta lelo lehiaketak
Debagoieneko herri guztietan egiten dira tailer edo saio hauek Lehen Hezkuntzan eta DBHn. Baina saio hauez gain, beste hainbat ekintza ere burutzen dituzte hondakinen gaia lantzeko:
Adibidez, Udalako Ingurumen Eskolan egonaldi bat egitea ematen zaie eskolei aukeran, eta zenbaitek egin egiten dute. Lehen Hezkuntzako 3.zikloan Mural lehiaketa bat egiten da urtero, eta ikasleek ”50 urte barru...” izenburuarekin mural bat marrazten dute.
DBHko 1go zikloan zikloan, berriz, lelo lehiaketan egiten dute eta ikasleek gelaka hurrengo ikasturteko kanpainaren leloa asmatu behar izaten dute. Lehiaketa irabazten dutenekin txango bat antolatzen da eta bisita hauek egiten dituzte: Legazpiko edukiontzi horia, Lapatx eta Donostiako akuariuma.
2.fasea hasi aurretik eskoletan
Arrasateko eskoletan aurten beste herrietan baino lehenago egingo da hondakinen inguruko kanpaina, organikoa berezita biltzen hasi aurretik. Izan ere, asmoa da herri osoan, auzoz-auzo egiten hasi berri den kanpaina informatiboarekin batera gauzatzea eskoletakoa ere.
Beraz, datorren ostiralean hasi eta abenduaren 1era arte, saioak izango dira Arrasateko Herri Eskolan, Gaztelupen, Santa Teresako eskolan, Institutuan eta Gazteluondon.