Errenta aitorpena euskaraz
21/04/2023Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera 2021eko errenta aitorpena arrasatearren % 21ek egin zuen euskaraz. 2006. urtetik 15 puntu egin ditu gora errenta aitorpena euskaraz egin duten herritarren kopuruak. Oraindik pausoa ematera animatu ez diren arrasatearrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu nahi ditu Udalak. Era horretan, euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen baita.
Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude (autolikidazio proposamena, mekanizatua eta internet bidezkoa) eta guztietan erabili daiteke euskara.
Apirilaren 3tik ekainaren 30era aurkeztu behar dira aitorpenak. Hitzordua eskatzeko, kontsultak egiteko eta argibideetarako: 943 113 000, Bergarako Ogasuneko Bulegoa (Toki Eder 5) eta gipuzkoa.eus.