Erabili, bizi, erabizi

03/12/2015
Card image cap
Euskararen Eguna dela eta, Arrasateko euskalgintzak eta Udalak euskarara hurbiltzea erabaki duten pertsonei aitormena egin nahi diegu, euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen dutelako pertsona horiek, eta haien guztien gogo, kemen eta ahalegina omendu nahi ditugu.

Erabizitzea da hitz egin, berba egin, solastu, mintzatzea

Etxetik plazara eta plazatik etxera eraman eta ekartzea

Sentitzen dudana eta sentitzen dudan moduan esatea

 

Erabizitzea da sentitu, pentsatu, ekitea; batez ere, egitea

Eta maite zaitut, gorroto haut, tximeleta, astazakil, kikara edo maleruski esatea

Xedapen gehigarri bat idatzi eta emendakina aurkeztea

Alkateari euskaraz hitz egitea, eta alkatea guri euskaraz mintzatzea

 

Erabizitzea da iratzargailuko irratian “egun on, goizeko zazpiak dira” entzutea

Bonjour, buenos días, Diam nga fanan, good morning, bos días, bon día, Allin p'unchay,... bati “egun on zuri ere” erantzutea

Nire bilobarekin hitz egiteko praktikatzen ari naiz” azaltzea

Nahi izan, izan, ekitea

 

Erabizitzea da elkartzea, batzea, biltzea, topatzea eta batera ekitea

Mintzalagun, berbalagun, solaslagun, mintzakide, solaskide, bidelagun edo bidelari izatea

Arratsalde on, kafesne bat nahi nuke” eskatzea

Eta dutxan “loretxoa” edo “hil da jainkoa” abestea

 

Erabizitzea da ikasten ari naiz, hitz egin poliki, mesedez” esatea

Akatsekin (akatzekin edo akatxekin) bada ere, aritzea

Egitea, eragitea, ahalegintzea, saiatzea; lotsarik gabe, beldur barik, konplexurik gabe ausartzea

Eta saiatzen denari “lasai, ondo ari zara”, “animo, bai, ulertzen da”, “zorionak, asko aurreratu duzu” esatea, euskaldun berriei“eskerrik asko” esatea

 

Erabizitzea da herriko toki-aldizkaria irakurtzea, agerkari digitalean idaztea

Twiterren txio batean #hitzmoloia aukeratzea, wikipedian artikulu bat idaztea

Eta .eus domeinua erabiltzea

 

Erabizitzea da plazara irten eta kalea gure egitea

Herriko euskaltzaleekin batera antolatu eta herri euskalduna eraikitzea

 

Erabizitzea da aldarrikatzea, sentsibilizatzea, eraikitzea, gozatzea, jolastea, motibatzea, kexatzea, txalotzea, arduraz jokatzea, adostea,...

 

Erabizitzea da 365 egunetan -dun, -zale, -gile izatea; euskaldun, euskaltzale, eragile izatea

Horregatik guztiagatik, Euskararen Eguna dela eta, Arrasateko euskalgintzak eta Udalak euskarara hurbiltzea erabaki duten pertsonei aitormena egin nahi diegu, euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen dutelako pertsona horiek, eta haien guztien gogo, kemen eta ahalegina omendu nahi ditugu.