Erabili, bizi, erabizi
03/12/2015Erabizitzea da hitz egin, berba egin, solastu, mintzatzea
Etxetik plazara eta plazatik etxera eraman eta ekartzea
Sentitzen dudana eta sentitzen dudan moduan esatea
Erabizitzea da sentitu, pentsatu, ekitea; batez ere, egitea
Eta maite zaitut, gorroto haut, tximeleta, astazakil, kikara edo maleruski esatea
Xedapen gehigarri bat idatzi eta emendakina aurkeztea
Alkateari euskaraz hitz egitea, eta alkatea guri euskaraz mintzatzea
Erabizitzea da iratzargailuko irratian “egun on, goizeko zazpiak dira” entzutea
Bonjour, buenos días, Diam nga fanan, good morning, bos días, bon día, Allin p'unchay,... bati “egun on zuri ere” erantzutea
“Nire bilobarekin hitz egiteko praktikatzen ari naiz” azaltzea
Nahi izan, izan, ekitea
Erabizitzea da elkartzea, batzea, biltzea, topatzea eta batera ekitea
Mintzalagun, berbalagun, solaslagun, mintzakide, solaskide, bidelagun edo bidelari izatea
“Arratsalde on, kafesne bat nahi nuke” eskatzea
Eta dutxan “loretxoa” edo “hil da jainkoa” abestea
Erabizitzea da “ikasten ari naiz, hitz egin poliki, mesedez” esatea
Akatsekin (akatzekin edo akatxekin) bada ere, aritzea
Egitea, eragitea, ahalegintzea, saiatzea; lotsarik gabe, beldur barik, konplexurik gabe ausartzea
Eta saiatzen denari “lasai, ondo ari zara”, “animo, bai, ulertzen da”, “zorionak, asko aurreratu duzu” esatea, euskaldun berriei“eskerrik asko” esatea
Erabizitzea da herriko toki-aldizkaria irakurtzea, agerkari digitalean idaztea
Twiterren txio batean #hitzmoloia aukeratzea, wikipedian artikulu bat idaztea
Eta .eus domeinua erabiltzea
Erabizitzea da plazara irten eta kalea gure egitea
Herriko euskaltzaleekin batera antolatu eta herri euskalduna eraikitzea
Erabizitzea da aldarrikatzea, sentsibilizatzea, eraikitzea, gozatzea, jolastea, motibatzea, kexatzea, txalotzea, arduraz jokatzea, adostea,...
Erabizitzea da 365 egunetan -dun, -zale, -gile izatea; euskaldun, euskaltzale, eragile izatea
Horregatik guztiagatik, Euskararen Eguna dela eta, Arrasateko euskalgintzak eta Udalak euskarara hurbiltzea erabaki duten pertsonei aitormena egin nahi diegu, euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen dutelako pertsona horiek, eta haien guztien gogo, kemen eta ahalegina omendu nahi ditugu.