Emakume, zatoz gurekin bizikletan ibiltzera!

25/10/2017
Card image cap
Urriaren 29an, Bizikumerekin eta Arrasateko Udaleko Berdintasun eta Ingurumen sailekin elkarlanean, emakumeentzako bizikleta irteera antolatu du Kirola Sailak “ArraSasoi: hamabi hilabete, hamaika gai” ekimenaren barruan. Mojategin hasi, Urkulura, handik Zubillagara eta berriz buelta Mojategira izango da ibilbidea ahalik eta emakume gehien batu nahi duen ekintza honetan

Arrasateko Udaleko Kirola Sailak, kirola eta ariketa fisikoa herritarrari gerturatu eta honen eguneroko bizitza nolabait integratzea du beste batzuen artean helburu eta horretarako jarri zuen martxan orain urte eta erdi “ArraSasoi: hamabi hilabete, hamaika gai” ekimena. Arrsasoiren barruan hainbat ekintza ezberdin bizi izan ditugu orain arte, hala nola Kirola Kalera Eguna (Herriko kirol taldeekin elkarlanean), “Publikoaren eragina kirolariengan” mahai-ingurua, “Kirol klubak eta Aseguruak” jardunaldia, “”Euskal Balearen ehiza” dokumentalaren emanaldia edota kiroldegiko abonatuentzat egin izan diren kurtso ezberdinak.

Hala ere, agerikoa da emakumeei zuzendutako kirolak bultzada nabarmena behar duela eta honi laguntza emateko nahiarekin lanean dihardugu. Hori dela eta Irailean “Bizikume” proiektuaren aurkezpena egin zen Udaleko Ingurumen eta Berdintasun sailekin elkarlanean. Eta ekintza horri jarraikortasuna eman eta beste bultzadatxo bat emateko asmoarekin, igande honetarako “ArraSasoi”ren barruan, emakumeentzako lehen bizikleta irteera antolatzea erabaki da Bizikumerekin eta Berdintasun eta Ingurumen Sailekin elkarlanean.

Irteera honen helburua da ahalik eta emakume gehien batzea, hau da, bizikletaren aitzakian kirola egitera animatuko den emakume talde bat sortzea. Horregatik denok egiteko moduko ibilbide batean pentsatu da, gure inguruko paisaia politenetako batetik ibiltzera gonbidatuz:

 Mojategi – Aretxabaleta – Urkulu – Zubillaga - San Prudentzio – Mojategi. 25 kilometro inguruko ibilbidea eta 2 ordu eta erdian lasai egiteko modukoa. Irteera goizeko 09:30tan izango da eta amaieran, dutxatzeko aukera edukitzeaz gain, lunch txiki bat ere egongo da taldea bildu eta elkarren arteko harremanak sendotzeko nahiarekin.

Ekintza honek ez du Arrasatera eta Arrasateko emakumetara mugatu nahi eta horregatik, gure inguruko herrietara zabaldu nahi da gonbitea, ahalik eta emakume gehien gerturatu daitezen ibilbide eder honetaz gozatzera.

Emakume, animatu, parte hartu eta zatoz gurekin bizikletan ibiltzera!