Elkarlana eta milioi erdiko inbertsioa Arrasaten enplegua sortzeko

27/05/2014
Card image cap
Arrasateko Udalak enplegua sustatzeko plana gauzatuko du 2014an zehar. Langabetuek, Udalak, enpresek eta unibertsitateak, guztiek elkarlanean, parte hartuko dute herrian enplegua suspertzeko.
  • Guztira 500.000 euro bideratuko ditu Udalak Arrasaten enplegua sustatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundia izango du babesle nagusia.
  • Udalak Langabeak kontratatuko ditu, laguntza emango zaie langabeak kontratatzen dituzten herriko enpresei, bekak sortuko dira goi mailako ikasketak amaitu dituztenentzat eta, unibertsitatearekin batera, Enplegu azoka antolatuko da, ekainaren 19an.

Langabeziak zailtasunak sortu ditu Arrasaten. Hainbat herritar da lanik gabe, gazteen geroa ilun, krisiaren eragina nabarmena da ondo prestatutako jendearen artean ere, eta horri aurre egiteko egitasmoa jarriko du Arrasateko Udalak abian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Arrasaten enplegua suspertzeko helburuarekin 2014an elkarrekin jardungo dira herriko langabetuak, Udala, enpresak eta unibertsitatea, guztiak batera. Ekimenaren lehen pausoa, hain zuzen, datorren ekainaren 19an emango dute, Lanbai Enplegu Azokaren ateak zabalduta.

Herrian enplegua sustatzeko plangintza gaur aurkeztu dute Arrasateko alkate, Inazio Azkarragaurizarrek eta Gipuzkoako Diputatu nagusi, Martin Garitanok. Beraiekin batera izan dira Arrasateko Kulturaten, Mankomunitateko Garapen agentziako presidentea edo Arrasateko enplegu zinegotziak ere, besteak beste.

Arrasateko alkateak gogora ekarri du Kooperatibismoaren eredua izan dela betidanik “gure bereizgarri indartsuenetakoa, pertsona ardatz duen sistema eredua”. Azakarragaurizarrek adierazi du ziur daudela hori dela bidea eta horregatik erabaki du Udalak ahalegin berezi bat egitea Arrasaten enplegua sustatzeko.

Izan ere, Martin Garitanok azpimarratu duen moduan, “eraikitzen ari garen Gipuzkoa Berri honetan pertsonak dira gure ekimenen helburu, herritarrak eta euren iritzia; ez merkatu edo troikak. Lehen lerroan jarri ditugu herritarrak”. Gipuzkoan 300 parte hartze prozesu baino gehiago egin direla nabarmendu du, eta, hainbat herritan egitasmo apartak jartzen ari direla abian. Foru aldundiaren politika berrien adierazle diren ekimen horiek guztiak “eredugarriak” direla adierazi du diputatu nagusiak, “edonorako”.

Inazio Azkarragaurizar, Arrasateko alkateak, aipatu du Arrasateko plangintza berezia dela “erakunde askotan egiten dira enplegua sortzeko ahaleginak, baina plangintza hau berezia da: herrian sortua herritarren artean, beharra duten herritarrei laguntzeko”. Gogorarazi du proiektu honetarako Udalak 500.000 euro bideratuko dituela “Arrasateko langabeen, enpresen eta unibertsitatearen artean sinergiak sortu eta enplegua sortzeko”.

Arrasaten lana sustatzeko egitasmo honek lau bide jorratuko dituela jakinarazi du alkateak: “langabeak kontratatuko ditugu, laguntza emango zaie langabeak kontratatzen dituzten enpresei, bekak sortuko dira goi mailako ikasketak amaitu dituztenentzat eta, unibertsitatearekin batera, Enplegu azoka antolatuko dugu, ekainaren 19an bertan”.

Enplegua sustatzeko planean lau ildo jorratuko dira, beraz, elkarlanean. Arrasateko alkateak eman ditu lau bide hauen gaineko azalpenak:

1.- Lanbai enplegu azoka: Azokarekin emango dugu lana sustatzeko proiektuaren lehen pausoa. Unibertsitatea, herriko enpresak, lanik gabe dauden herritarrak eta Udala elkartuko ekainaren 19an, MUko Arrasateko Campusean. 45 enpresek stand bana jarriko dute, enpresek eta lana bilatzen ari direnek, aurrez aurreko kontaktua egin dezaten, eta curriculumak zuzenean eman ahal izateko.

Arrasateko enpresek beraien lan eskaintzak eta pertsonal beharrak konpartituko dituzte bertoko langabeekin eta aste osoan zehar, ekainaren 16-17 eta 18an, azokari lotuta, enpresen aurkezpenak, hitzaldiak eta tailerrak izango dira Kulturaten.

Ekimen honetan Udalak 50.000 euro jarriko ditu.

2.- Herriko langabeen kontratazioa: Herriko langabeei (prestazio barik edo RGI kobratzen ari direnei) Udalaren behar bereziak betetzeko lan kontratuak egingo zaizkie. Lanbide eta Diputazioaren finantzazioaz gain, Udalak 257.000 euro jarriko ditu, kontratazio gehiago eta luzeagoak egin ahal izateko. Guztira 35 bat kontratu egingo ditu Udalak programa honekin eta kontratu gehienek 6 hilabeteko iraupena izango dute, egun osoko jardunean.

3.- 50 langiletik behera dituzten herriko enpresek langabeak kontratatzeko laguntzak: Herriko langabezia arintzeko eta herriko enpresen jarduna suspertzeko helburuarekin, Udalak diru laguntzak emango dizkie herriko langabeak kontratatzen dituzten 50 langiletik beherako enpresei. Arrasateko Udalak kudeatu eta finantzatuko du programa hau eta 100.000 euro jarriko ditu ekimen honetarako.

4.- Goi titulatu berrientzako bekak: Programa honen xedea da herriko titulatu berriei bekak ematea, ikasketak burutu ondoren praktikak egin ditzaten herriko enpresetan. Titulatu berriei lehen lan esperientzia kualifikatuak erraztea eta, aldi berean, herriko enpresei titulatu berrien gaitasun profesionala ezagutzeko aukera ematea gura dugu. Saiolanekin eta herriko enpresekin batera ari da bultzatzen Udala beka sistema hau eta 50.000 euro bideratuko ditu ekimen honetarako.

Informazio gehiago:

Leire Lardizabal Azurmendi

Tel: 943-252004 (luzp. 261)

Mugikorra: 608 053 279

llardizabal@arrasate-mondragon.net