Aurtengo Bizipoz jaia Arrasaten izango da, irailaren 21ean

02/07/2014
Card image cap
Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea eta Arrasateko hainbat eragile elkarlanean ari dira, pertsona guztientzako berdintasunezko harremanak sustatzearen aldeko jaia prestatzen.

Ane Piratak, Irrien Lagunak gizarte ekintzako kideak, Txatxilipurdiko Ainara Kortabarriak eta Kepa Urteaga kultura zinegotziak Bizipozaren Jaiko nondik norakoak azaldu zituzten atzo arratsaldez. Haiek azaldutakoaren arabera, irailaren 21ekoa hitzordu solidarioa izango da,  elkarlanean egindakoa eta bizipoza ekarriko duena. Familientzat eta, batez ere, umeentzat hitzordu ahaztezina izango da.

Egun osoko jaia Biteri eta Sebero plazetan

Goizeko 10:00etan  hasiko da jaia eta 18:00ak arte hamaika aukera izango dira egunaz  gozatzeko: Dantzariak, tailerrak, puzgarriak, serigrafia, ipuin kontalariak, pailazoak, magia, dantzaldia, apar festa, bazkari herrikoia...

Bi gunetan banatuko da jaia; batetik zabalik izango den gunea izango da Seber  Altube plazan kokatuko dena: bertan tailerrak eta puzgarriak izango dira. Bizipozaren Jaiaren eremu nagusia, berriz, Biteri plazan izango da eta sarrera bidez sartu ahal izango da bertara. Oholtza nagusia, ikuskizunak, elkarteen guneak, tailerrak, ipuin kontalariak… han izango dira.

Zapi pirata izango da jairako sarrera

Aurten, iaz Lazkaon egin zen moduan, Bizipozaren Jaiaren sarrera gisa zapi pirata erabiliko da. Guraso eta helduek doan sartzeko aukera izango dutelarik, sarrera zapia haurrek bakarrik beharko dute: sarrera 5€ izango da eta egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna barne.Gazte Bulegoa eta Elkarren jarriko dira salgai zapi piratak. Irrien lagunak klubeko txarteldunek, Irria aldizkariko harpidedunek, alegia, doako sarrera izango dute, urte osoan zehar proiektua babesten laguntzeagatik.

Irria aldizkariko harpidedun izatearen abantailak

Bizipozaren Jaia Arrasaten ospatuko dela probestuaz, Uztailean hasita Irria aldizkariaren harpidetza kanpaina bat jarriko dute abian, Debagoienako bailarako herritarrei zuzenduta. Honela, Irailaren 12 bitarte Irria aldizkarira harpidetzen den orok doako sarrera izango du (familiako haur guztiek) eta gainera klubeko motxila bat jasoko du opari. Pirata zapiak erosteko bezalaxe, harpidetza aukera Arrasateko Elkar dendan eta Gazte Bulegoan izango da, bertan harpidetzak eginez.

Bizipozaren Jaira doan sartzeko aukeraz gain, Irria aldizkariaren harpidedun egiteak beste abantaila hauek ere baditu:

  • Aldizkaria %20 deskontuarekin dendarekiko
  • Aldizkaria hilero jasoko duzu etxean
  • Zozketetan parte hartzeko aukera
  • Zeraingo Irrien Lagunak aterpetxean deskontuak
  • Elkar dendetan erosiz gero, irrien lagunak eta Katxiporretaren produktuetan deskontuak

Behar berezikoen bizi-baldintzak hobetzea helburu

Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea orain bi urte hasitako Elkartasun Elkartetik sortu da gogoeta estrategiko baten ondorioz, elkartasunez, elkarte eta norbanakoei laguntza eskaintzetik haratago joateko asmoarekin.

Herri bat du helburu, bizipozez arituko den herri bat, auzolanean eta sarean lan egiten irekia eta pertsona ororentzat berdintasunezko harremanak sustatzen lagunduko duen sarea, bizipoza zabaldu nahi duena gizarteko esparru guztietan.

Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea behar bereziko haurren eta hauen familien bizi‐baldintzak hobetzeko lan egiten duten hainbat kolektiboei proiektu eta egitura egonkor batekin erantzuteko ahalegina da, euren behar afektibo eta materialei aurre egin eta euren errealitatea gizarteratzen lagunduko diena. Gaur egun, 20 elkartek baino gehiagok osatzen dute Gizartegintza Elkartea; haien informazioawww.bizipoza.org webgunean dago ikusgai.

Arrasateko eragile asko jaiaren prestaketan

Arrasateko Udalaren zein Arrasateko hainbat eragileren laguntzaz ari dira osatzen Bizipoz jaiaren egitaraua; prestaketa lanetan dabiltzan elkarteak honakoak dira: Ekin Emakume Taldea, Arrasateko Herri Eskola, Arizmendi Ikastola, Bagara Herrigintzan, Sexologia Zerbitzua, Portaloi Kultur Elkartea, Arrasateko   Gaztetxea, Aspace, Lore Gazteak Dantza Taldea, Txikitxu-Arrostaitz Dantza Taldea, Maritxu Kajoi eta Santamas Komisiñuek, Ereindajan, Erraldoi eta Kilikien Konpartsa, AED Elkartea eta Txatxilipurdi.

Datozen asteotan, jaiaren informazio guztiawww.bizipoza.org webgunean eskuratu ahalko da.