Bizikleta mahaia fin hasi da lanean
30/10/2014Herrien arteko bidegorri sarea San Prudentzioko loturarekin osatuta, orain Arrasateko Udalaren lehentasuna da herri barruan bizikletaz zein oinez mugitzeko aukera berriak sortzea. Guztion artean bizikidetzan oinarritutako bide sare bat osatzea gura da eta, hain zuzen, Bizikleta mahaia horretarako osatu da: gaiaz interesaturik dauden erakunde eta norbanakoekin, elkarrekin alternatiba ezberdinak aztertzeko.
Mahaiaren lehen lana Etxaluze eta Musakola arteko bide alternatibak aztertzea da. Eta horretan hasi ziren atzo, lehenengo bileran: Kulturateko klaustroetan eta Udaleko web orrian proiektuari buruz jasotako iritzien arabera, trazaturik gustukoena zein zen aztertu zuten lehendabizi, gero horixe oinarri izan dadin gaiari buruz hitz egiteko.
Aukera gogokoenak aztertzen
Arrasateko ikastetxe guztiak, Besaide Mendi elkartea, Ekologistak martxan, hainbat bizikleta talde, Txatxilipurdi, bederatzi norbanako, Udaleko Ingurumen eta hirigintza sailak eta AUKEA dira, oraingoz, Bizikleta Mahaiko kideak. Atzoko bileran 20 pertsona inguru aritu ziren lanean: Lau taldetan banatuta, “Etxaluze-Musakola” proiektuko 17 tramuak aztertu zituzten.
Hurrengo bilera azaroaren 5ean
Hurrengo bileran lau taldeak elkartuko dira eta tramu bakoitzaren inguruan egindako ekarpenak eztabaidatuko dituzte Bizikleta mahaian. Helburua da guztien artean proposamen bateratu bat ateratzea “Etxaluze-Musakola” bizikleta biderako. Gero proposamen hori Udalari aurkeztuko zaio haren gainean erabaki dezan. Horren ostean, proiektua idazteko garaia helduko da.