Arbolapetan haritza, astigarra edo ezkia landatuko da
13/01/2015Haustura arriskuagatik, Arbolapetako indiar-gaztainondoa bota beharra izan zen iazko urriaren 29an. Udalak, erabaki hura hartu orduko pentsatua zuen Arbolapetan beste zuhaitz bat landatzea, eta halaxe egingo du otsailean.
Asmo horrekin, Gabriel Iguiñiz adituari Arbolapeta gunearen gaineko azterketa bat egin zezan eskatu zitzaion, zuhaitz berria landatu aurretik ikusteko gunea bera zer egoeratan dagoen eta, bide batez, berton landatzeko espezierik aproposenak zeintzuk izan daitezkeen zehazteko.
Gaztainondoaren dimentsio bera
2014ko abenduan aurkeztu zuen Iguiñizek eskatutako azterketaren txostena. Berton zehazten du asmoa dela zuhaitz berriak Indiar Gaztainondoak Arbolapetan hartzen zuen dimentsio bera hartzea. Bere esanetan, 12-14 metro diametroko adaburuko zuhaitz bat da hor landatzeko aproposena, eta aurrez egondako indiar-gaztainondoaren antzeko garapena duen espezie bat topatzearen alde egiten du.
Txostenean azpimarratzen du ere kontuan hartu behar dela zolatutako eremu batean eta hiri-lurzoruan dauden zuhaitzen garapena txikiagoa izaten dela mugaturik daudelako bolumenean, aireztatzean, hezetasun erabilgarrian eta abarretan. Horren adibide da Indiar Gaztainondoak, deskribapen botanikoaren arabera, altueran 30 metro hartzen dituela, baina Arbolapetan izan genuenak, seguruenik, ez zituen inoiz 20 metro hartu.
Bestalde, kontuan hartzeko beste datu bat da landatzen den zuhaitzak urte asko beharko dituela gehienezko garapena lortzeko, eta urte askoan gazte ikusiko dugula.
Gomendatutako hiru espezieak
Espezie arruntei bagagozkio, eta zuhaitzaren garapena bermatzeko, honako hiru zuhaitz motak dira Iguiñizek Arbolapetan landatzeko proposatzen dituenak: Haritza, Azkarra edo astigarra eta Ezkia.
Espezie ugari dago, nahi beste, eta muga bakarra da zuhaitzak hartzen duen tamaina: ez da gune erabilgarria baino handiagoa izan behar eta, batez ere, ez da komeni txikiagoa izatea.
Bozka emateko aukera 19tik 26ra
Jakinik Arbolapeta Arrasatearrontzat zer nolako txoko berezia eta maitatua den, Udalak herritarren esku jarriko du Iguiñizek proposatutako hiru espezieen artean hautatzeko aukera.
Horretarako, BAZen eta Udal webgunean egongo da aukera bakoitzak nahiago duen zuhaitzaren alde bozka emateko. Urtarrilaren 19tik 26ra bitartean (bi egunak barne) eman ahalko da bozka.
Proposatzen diren hiru espezieen inguruko informazioa:
Haritz kanduduna
Ezki hostotxikia
Astigar zuria
Zergatik ez beste espezie batzuk?
- Indi-gaztainondoa: gaixotasunak jota egon ohi delako.
- Pagoa: zoladura lurzoruetan txarto hazten delako.
- Platano arrunta: larregi hazten delako.
- Urkiak, makalak eta sahatsak: bizkor hazten dira, baina zur biguna dute eta azkar zahartzen dira.
- Idi-bihotz arbola, ginkgoa, likidanbarra… itxura bertikalegia baitute.
- Koniferak, bi arrazoirengatik: hosto iraunkorduna delako, eta ezinezkoa delako inausiz adaburua kontrolatzea.