“BIZITZEKO HERRIA” Eskolako Agenda 21 proiektuko gaia

16/12/2015
Card image cap
BIZITZEKO HERRIA ardatz hartuta, 2015-2016 ikasturteko Eskolako Agenda 21 proiektuari hasiera eman diogu Udalako Ingurumen Eskolan. Arrasateko Lehen Hezkuntzako ikasleekin jarduerak egiten hasiak gara dagoeneko

Udalako Ingurumen Eskolan urrian hasi ginen aurtengo proiektua lantzen. Arrasateko ikasleekin hainbat ekintza egin ditugu.

“Bizitzeko herria” gaitzat hartuta, herri batek bizitzeko zer behar duen galdetu diegu ikasleei. Denetariko erantzunak jaso ditugu, baina egia esan, askok erantzun digute natura, berdeguneak, zuhaitzak, jolasteko eta elkartzeko tokiak,….  behar dituela bizitzeko herriak. Hori dela eta, arreta berezia jarri diegu leku horiei: herriko berdeguneei, herri inguruko naturguneei eta elkartzeko edota jolasteko erabiltzen dituzten parkeei zein plazei. Horiek guztiak aztertzen aritu gara eta hobetzeko zenbait proposamen ere egin dituzte ikasleek.

Parkeak nola hobetu daitezkeen azaltzeko maketak egin dituzte Udalako Ingurumen Eskolan. Gainera, Arrasaten dauden inguru naturalak hobeto ezagutzeko pista jolasa egin dugu eta ondoren, mapa batean adierazi dugu naturgune horiei buruz ikasitakoa. Udalatx inguruko basoetan zehar ere egin ditugu ibilaldiak eta hango zuhaitzak eta animaliak ezagutzeko aukera izan dugu.

Azken hilabetean, herriko berdeguneak aztertzen aritu gara gara eta hegaztientzat habi kutxak ere jarri ditugu.

Datorren hiruhilekoan  jarraituko dugu herriko jolastokiak aztertzen eta elikadurarekin loturiko beste hainbat ekintzekin. Beti bezala,  ikasturte amaieran egingo den udal pleno berezian aurkeztuko dute ikasleek ikasturtean zehar egindako  lan guztia.