Bost argazki

Hauxe da liburu honen atalik pertsonalena, bertan azaltzen baitut liburu hau egiteko izan ditudan gorabeherak, eta, zeharka bada ere, Jon Salaberrirekin izan nuen harremana, erabat ahaztua nuena proiektu honetan hasi arte.

Hori egiteko bost argazki hartu ditut makulutzat, bidean lagunduko didatelakoan.

Joxe vs Jon, Benetton tarteko

Hiesduna hilzorian
David Kirby hiesduna hilzorian, Benettonen iragarkian

Hasi nintzenean Jon Salaberri proiektua lantzen, aztertu behar izan nituen garai hartako Arrasate Press aldizkari lokalaren ale guztiak. Eta horretan ari nintzela, ezusteko galanta hartu nuen, ikusi bainuen 1992ko martxoaren 6an zeharkako harremana izan nuela Jon Salaberrirekin, ostiral hartan gutun batekin erantzun bainion berak astebete lehenago esandakoari, Benetton enpresak urte hartan ateratako argazki bat zela-eta, non agertzen baitzen hiesdun bat hilzorian, bere familiaz inguratuta.

Aurrez Jon Salaberriri buruz idatzitako lanetan ez dut aipatu bion artean izan genuen harreman hori, zeharkakoa, iruditu zitzaidalako kontu pertsonala zela, baina liburu honetan bai, aztertu nahi dut nire erantzuna batez ere. Horretarako baina, komenigarria iruditzen zait argazki haren testuingurua azaltzea.

Argazkiaren historia

Therese Frare kazetaritza-ikasle estatubatuarrak egin zuen argazki hori 1990eko maiatzean, eta bertan David Kirby gizon gazte hiesduna agertzen da hilzorian, bere familia ohe inguruan duela. Theresek berak geroago kontatu duenez, garai hartan boluntario lanak egiten ari zen ospitale batean, hiesdun gaixoei laguntzen. Orduan otu zitzaion gaixoei argazkiak ateratzea. Berak dioenez, argazki hori egin aurretik, baimena eskatu zion gaixoari, eta hark, baietz, egin zezakeela argazkia, baldin eta hura ez bazuen erabiltzen dirua irabazteko. Harrezkero, dio Theresek, sekula ez du eskatu xentimorik ere argazki horrengatik, nahiz eta hurrengo urtean argazkiak World Press Photo saria irabazi. Argazkiak zirrara eragin zuen munduan, batez ere sari hura jasota, oso gordin erakusten baitzituen hiesaren ondorioak.

Artean Oliviero Toscani argazkilari italiarrak Benetton enpresarentzat egiten zuen lan, urteko publizitate kanpainak prestatzen. Eta urte hartan, 1991, Therese Fraren argazkia aukeratu zuen kanpainarako, garai hartan hiesak zeresan handia ematen zuen-eta mundu osoan. Kanpaina hartan argazkiak Benetton marka zeraman albo batean.

Benettonen kanpainak sekulako protestak eragin zituen mundu osoan: Eliza katolikoa, gay kolektiboak, hiesdunen aldeko aktibistak eta beste talde asko kanpainaren kontra agertu ziren. Zenbait aldizkarik, gainera, uko egin zioten kanpainari (Elle, Vogue eta Marie Claire, besteak beste).

Jon eta Benetton

Testuinguru hartan, Jon Salaberrik ere gogor egin zuen Benettonen kanpainaren kontra. Eta prentsaurreko bat ere antolatu zuen hura salatzeko. Arrasate Press aldizkariaren 140. zenbakian iritzia eman zuen gai horren inguruan.

Arrasate Press aldizkariko kazetariak hauxe galdetu zion Jon Salaberriri: “Zer deritzozu Benetton markak bere iragarkietarako HIESez hilzorian dagoen gaixo bat erabiltzeari?”.

Bat eginez hiesaren kontrako talde gehienekin, 1 Jonek salatu egin zuen Benettonen iragarkia, haren bidez enpresa italiarrak eskandalua baino bilatzen ez zuelako. Kezka azaldu zuen, halaber, iragarkiak mezu desegokia zabaltzen zuelako, horren ondorio bat izanda gaitzespena areagotzea hiesaren inguruan gertatzen zenaren kontra. Salatu zuen, orobat, kanpaina harekin enpresak diru etekinak bilatzen zituela, eta, eskatu zitzaionean, ez zuela dirurik eman hiesdunei laguntzeko. Horregatik, Jonek bat egin zuen Benettonen kontrako boikot-kanpainarekin.

Nire erantzuna

Zer erantzun nion, bada, Jon Salaberriri hurrengo astean? 2Hasteko, aukeratu nuen izenburu bat, tremendista samarra, Vade retro, Benetton? azpimarratzeko, seguruenik, Jonen jarrera anti-enpresariala. Garai hartan nire enpresa neukan, eta etxean egiten nuen lan, autonomo gisa, eta bertan neu nintzen langile bakarra. Ez zitzaidan ondo iruditu enpresa bati salatzea kanpaina batekin diru etekinak irabazi nahi izatea, enpresen egiteko bat, besteak beste, horixe izaten delako. Eta horixe azpimarratu nuen. Gaur egun, berriz, ez dut uste hortik joko nukeenik, uste baitut enpresa batek beste obligazio batzuk ere badituela bere marka zabaltzeko orduan, batez ere gai oso delikatuak aukeratzen dituenean.

Saiatu nintzen iragarkiaren alde positiboak seinalatzen, alegia, lagundu zuela hiesaren arazoa bistaratzen, eta gizartean zabaldu zuela gaixoentzat oso inportantea zela unerik zailenetan “etxekoen berotasuna eta maitasuna sentitzea”. Baina hori ere, modu zakarrean egin nuen, heriotza eta agonia bezalako hitzak erabilita, kontuan hartu barik hiesdun batekin ari nintzela hitz egiten, eta garai hartan hiesdunak erabat ikaratuta bizi zirela, artean ez zegoelako botika eraginkorrik euren gaixotasunaren kontra.

Aurreiritzirik ere ikusi dut nire erantzunean, bereziki argudiatu nuenean iragarkiak “beren bizimodua ia ezkutuaren iluntasunean eramaten ohituta zeuden zenbait gizatalderen gainean atentzio publikoaren argitasun zorrotza hedatu duela”. Homosexualez eta drogazaleez ari nintzen. Lehenbizikoen kasuan, eurek aukeratu balute bezala iluntasunean bizitzea, aintzat hartu barik garai hartako gizarteak behartzen zituela modu hartan ibiltzera.

Behin eta berriro irakurrita nik orduan idatzitakoa, iruditzen zait arrazoi haietako batzuk balekoak izan zitezkeela —nahiz eta, gorago esan bezala, seguru nagoen gaur egun beste modu batean idatziko nituzkeela—, baina, horrekin batera, iruditzen zait enpatia gutxi dagoela, oro har, nire lerroetan. Jon eta bere lagunak ikaratuta zeuden, akojonatuta, heriotza zeramatelako idatzita euren bekokietan. Eta beldur ziren halako kanpainek areagotu zitzaketelako hiesdunen kontrako aurreiritziak, garai hartan oso errotuta, euskal gizartean bezala mundu osoan.

Atzera begiratuta, ikusten dut gizartearen “alde seguruan” bizi nintzela. Lana neukan, familia bat, osasuntsu nengoen eta ez nuen arazo berezirik, ez drogarekin, ez eta nire sexu joerarekin. Eta nahiz eta teorian onartu gizarteak konpondu behar zuela hiesaren arazoa inor baztertu barik, praktikan hotz jokatu nuen, urrunetik.

Sentitzen dut Jon Salaberrirekin izan nuen harreman bakarra, nahiz eta zeharkakoa izan, horrelakoa izatea, ni neu ez nintzelako egon haren mailan. Harrezkero igaro diren urteek eta lan honek berak lagundu egin didate hori hobeto ulertzen.

Familiaren babesa

Salaberri Kanarietan
Felisa, Jon eta Dori

2015eko maiatzaren 6an, Hiesaren gaineko XVII. Kongresua Donostian hasi zen egun berean, Euskadi Irratian egindako adierazpen batzuetan, Aitor Iturriagak esan zuen Jon Salaberrik alde izan zuela bere izaera, baina bereziki bere familia: “Arrasateko familia eta Markinako familia. Ikaragarria zen ikustea zer babes handia lortu zuen eurengandik, eta zer gozo tratatu eta zaindu zuten”.

Nire iritzian, argazki honek adierazten du oso ondo Aitor Iturriagak esandakoa. 1994an aterata dago, Kanarietan, eta bertan Jon Salaberri agertzen da, bi izekok inguratzen dutela: Felisa eta Dorita, amaren ahizpak. Bata Markinan bizi zen, eta bestea Arrasaten, atzerrian ez zebilenean, lana zela-eta.

Idoia Salaberrik oso gogoan ditu izeko biak: “Izeko Dorita (argazkian, eskuinekoa) lanean ibili zen Copreci kooperatiban, Aretxabaletan, erretiroa hartu arte. Bi urte Libian egin zituen, enpresak hara eramanda, eta gero hona itzuli zen, erretiratu arte. (…) Urte luzez Zaldibarko pilotalekuaren inguruan bizi izan zen, baina laneko azken urtean gurera etorri zen. Eta garai hartan, lanetik etorri, eta denetik egiten zuen etxean: jatorduak prestatu, Jon zaindu, denetik. Beste izeko, berriz, Felisa, Markinara joaten ginenean egoten zen gurekin”.

Argazkira itzulita, ordurako Jon gainbehera zihoan, toxoplasmosi batek aulki gurpildun batean utzi baitzuen, ibili ezinik. Izekoak, berriz, nagusiak ordurako. Hala ere, iloba eurekin hartu, eta Kanarietara egin zuten, poz apur bat ipintzeagatik haren bizitzan.

Bidaian, berriz, dena ez zen festa izan, Idoiak gogoratzen duen bezala: “Egonaldia bera gogorra izan zen, zeren Jonek katarroak harrapatu zituen, esfinterrak ere ez zituen ondo kontrolatzen, eta ez zeukan indarrik giharretan. Lan handia egin behar izan zuten Jonekin, baina eurak ezin poziago, erabat hartara. Auto bat alokatu, berau gidatu, lekuak bisitatu… denetik egiten zuten, Jon aldean eramanda. Erabat babestu zuten, sekulako maitasuna erakutsita”.

Argazkiari begiratu, eta bertan ikusten dut kantu bat, maitasunari egindakoa, itsaso bazterrean, kolore alai eta argitsuz apaindua. Jon ere ikusten dut, dena beharrean, eta eskerronez betea. Eta bi emakume horiek, urteetan aurrera, baina ezinago kementsu, ilobaz harro. Bejondeiela!

Besarkada

Jon Salaberri eta Jose Antonio Ardanza, Bilbon

Lan hau egiten hasi nintzenean, 2015eko otsailean, oso gauza gutxi aurkitu nuen Interneten Jon Salaberri zenari buruz, Argia aldizkariak 1993an egin zion elkarrizketatik kanpo. Gauza horietako bat izan zen Azucena Criado kazetariaren artikulu bat El País egunkarian, berau 1993ko martxoaren 3koa, eta bertan hauxe zioen Bilbon egun haietan hiesaren inguruan egitekoa zen kongresu batez:

“En la inauguración del congreso, que reunirá a más de 1.000 expertos, Ardanza se fundió en un abrazo con el enfermo de sida Jon Salaberri, nacidos ambos en Mondragón (Guipúzcoa)”.

Ia hogei urte igaro diren arren, hainbat gauza gogoratzen nituen Jon Salaberriren inguruan, baina ez orduko lehendakariak besarkada bat eman zionik jende pilo baten aurrean, tartean osasuneko profesional eta kazetari mordoa. Harrituta nengoen zelan ez nuen haren berririk, aintzat hartuta horrelako besarkada batek egoera jakin batean izan zezakeen indar sinbolikoa, zeren orduan jende asko urrundu egiten zen hiesdunengandik, pentsatuta haiek ukitzea nahikoa zela gaixotasuna kutsatzeko.

Gogoan dut 2014ko urrian Barack Obama AEBetako presidenteak zelan besarkatu zuen publikoan Nina Pahm, 26 urteko erizain bat, Texaskoa, AEBetan bertan kutsatu zen lehen ebola-gaixoa, berau ospitaletik irten zenean, eta zelan txalotu genuen keinu hura, garai hartan AEBetan histeria kolektibo moduko bat zabaltzen ari baitzen ebola zela-eta. Hori gogoan nuen, baina ez hemeretzi urte lehenago EAEko lehendakariak Jon Salaberri hiesdunari emandako besarkada. Nire iritzian, besarkada biak izan ziren inportanteak, eta horregatik hasi nintzen egiaztatu guran Bilbon ustez gertatutakoa.

Beste hedabideetan ez nuenez ezer aurkitu, egun batean mezu bat idatzi nion Bingen Zupiria Deia egunkariko zuzendariari. Azaldu ondoren El País egunkarian aurkitutako arrastoa, eskatu nion ea begira zezakeen Deia-ren artxiboetan besarkada horren berri ematen zuen argazkiren bat, 1993ko martxoaren 3 edo 4ko aleetan. Bingenek ondo hartu ninduen, baina jakinarazi zidan Deia-ren artxibo guztiak ez daudela digitalizatuta.

Hurrengo egunean baina, mezu bat jaso nuen telefonoan. Argazki bat aurkitu zuten, egun hartakoa, baina bertan ez zen ikusten besarkadarik, nahiz eta protagonistak eurak izan. Handik gutxira, argazkia jaso nuen nire postontzi elektronikoan. Bertan agertzen dira Jon Salaberri eta Jose Antonio Ardanza elkarrekin hitz egiten, alboan Iñaki Azkuna dutela, artean Osakidetzako sailburua. Atzerago, Salaberriren eskuak ia estalita, orduko Bilboko alkatea, Josu Ortuondo.

Bingen Zupiriak ohartarazi zidan egun hartan bera ere hantxe izan zela, Bilboko Erakustazokan, artean lehendakariaren komunikazio-arduraduna baitzen, baina ez zuela besarkadarik gogoratzen. Beraz, Jose Antonio Ardanzari berari galdetzea beste erremediorik ez zegoen.

2015eko martxoaren 18an telefonoz hitz egin genuenean, horixe galdetu nion Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiari, ea gogoratzen zuen besarkada hura. Haren erantzuna: “Garbi-garbi gogoratzen dut, niretzat une berezia izan baitzen, hunkigarria. Apropos besarkatu nuen Jon, nahi nuelako hori egin. Garai hartan Eusko Jaurlaritzan ardura handia genuen hiesarekin, gizartean era guztietako zurrumurruak ari ziren-eta zabaltzen, gaixo bat ukitzea nahikoa zela norbera kutsatzeko, eta horrelakoak. Durangon, gainera, guraso talde batek mehatxu egin zuen seme-alaba guztiak aterako zituela euren ikastetxetik, baldin eta bertan ume seropositibo bat onartzen bazen. Artean Iñaki Azkuna Osakidetzako sailburua zen, eta oso sentsibilizatuta zegoen gai horrekin, ni moduan, ze Arrasateko alkate izan nintzenean, mutil asko zebilen drogatan sartuta, eta familia askotan sekulako arazoak sortu ziren”.

Beraz, El País egunkariak kontatu zuen besarkada gertatu egin zen, eta lehendakariak oso modu kontzientean eman zion Jon Salaberriri. Argazkiak jasotzen du ondorengo momentu bat, elkarrekin hitz egiten geratu zirenekoa, hantxe bertan.

Jon Salaberriri dagokionez, bestalde, argazkiak berresten du du Jon gizon pragmatikoa zela. Ideologiaren ikuspegitik, urruti sentitzen zen Jose Antonio Ardanzaren presupostuetatik, baina ez zuen oztoporik izan Osakidetzaren gonbita jaso eta Bilbora joateko, eta ezta orduko lehendakariaren besarkada onartu eta eskertzeko ere. Bere orduko helburua —bera bezalako hiesdunei laguntzea—, gauza horien gainetik zegoen.

Jon Salaberri eta euskara

Jon Salaberri Arrasate Telebistan

Argazki hau berez fotograma bat da, eta telebistako erreportaje batetik aterata dago, 2015eko maiatzaren 5ean Goiena Telebistak Jon Salaberriri eskainitakoa. Bertan agertzen dira John Andueza kazetaria (pantailatik kanpo), orduan Arrasate Telebistan lanean, eta Jon Salaberri, Hies Ekimena elkarteko bozeramailea. Eta argazki hori aukeratu dut, adierazgarria iruditu zaidalako: elkarrizketa hartan Johnek euskaraz egin zituen galderak, baina Jonek gaztelaniaz erantzun zituen.

Izan ere, Jon Salaberriren adierazpen guzti-guztiak, idatzizkoak zein ahozkoak, gaztelaniaz daude jasota, eta euskaraz gordetzen direnak, gehienak Arrasate Press aldizkariak bildutakoak, euskaraz daude bere garaian euskaratu egin zirelako.

Idoia arrebak esan zuenez, Jonek txikitan jakingo zuen euskara, bi urterekin-edo. “Baina gero, ahaztu egin zuen. Ikasi, gaztelaniaz egin genuen. Amak, bestalde, ez zekien euskara. Aitak bai, baina askoz ere denbora gutxiago egiten zuen etxean. Hortaz, etxeko hizkuntza gaztelania izan zen”. Garai hartan egoera hori nahiko zabalduta zegoen Arrasaten, eta asko ziren, Jon Salaberri bezala, euskara ez zekiten edo ahaztu zuten mondragoetar gazteak.

Eskola ere gaztelaniaz jaso zuen Salaberrik. Irakurri, asko irakurtzen zuen, baina dena gaztelaniaz. Idoiaren hitzetan, “nik dakidala, ez zuen ezer irakurri euskaraz”.

Gai al zen euskara ulertzeko?, galdetu genien Idoiari eta Joxemari haren bikotekideari, eta hauxe esan zuten: “Bai. Beharbada zerbait sakona ulertzeko, ez. Baina elkarrizketa kasual bat, bai, harrapatzeko gai zen. Saiatu ere, saiatu zen behin baino gehiagotan egiten. Nirekin, —zioen Joxemarik— askotan egiten zuen euskaraz. Ez zeukan hitz jario handirik, baina saiatzen zen”.

Pribatuan, beraz, noizbehinka Jonek egiten zuen apur bat euskaraz etxean, baina pertsona publiko moduan, dena egin zuen gaztelaniaz. Praktikan, euskararekin zuen jarrera bat zetorren garai hartan Espainiako ezkerraren sektore batekin, zeinak uste baitzuen euskarak balio imajinario edo sentimental hutsa zuela, baina ez bestelako balio edo egitekorik.

AED eta euskararen aldeko dinamika

Bera pertsona publikoa izan aurretik, 1983an, Jon Eusko Jaurlaritzan lanean hasi zenean, Arrasaten zerbait berezia gertatu zen. Urte hartan Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea sortu zen, AED, herrian euskara eta euskal kultura indartzeko asmoarekin.

Handik urte pare batera-edo, 1985ean, Jonek jakin zuenean seropositiboa zela, eta aprobetxatuta AEDko zuzendaritza bilera egiten ari zela Arrasateko udaletxean, bertara joan, eta proposamen bat aurkeztu zien bilerakideei: herrian aldizkari elebidun bat sortzea elkarrekin.

Jesus Garmendia bilera hartan zegoen, eta penaz gogoratzen du AEDren ezetza, “Jon Salaberrik borondate osoz aurkeztu zigulako plana. Guretzat, berriz, hura onartzea zen Troiako zaldia sartzea gure koherentzian”. Ordurako, gainera, euskaltzale askorentzat begi-bistakoa zen euskara beti irteten zela galtzaile hedabide elebidunetan, aurrez Egin eta Deia egunkarietan, eta Garaia zein Punto y Hora aldizkarietan gertatu bezala.

Handik hiru urtera, 1988ko abenduan, AEDk berak Arrasate Press sortu zuen, doako aldizkari lokal bat, euskara hutsean, bi urtera 7.000 ale zabaltzera iritsi zena Debagoienean.

Baina hor ez zen amaitu Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen lana. 1989an, Jon Txagorritxura eraman zutenean, sukarra eta haluzinazioak nozituta, AEDk Jazten aldizkaria sortu zuen, euskaldunei modu ulerterrazean jakinarazteko hizkuntzen berreskurapenaren inguruan zeuden teoria zein gogoetak.

1990ean, Jonek hiesa garatu zuenean, AEDk 600 bazkide zituen herrian, urtean 1.000 pezetako kuota ordaintzen zutenak. Urte bereko martxoan, Arrasateko Udalak eta Arrasateko 38 elkartek hitzarmena sinatu zuten, borondatezkoa, euren arteko harremanak euskaraz izan zitezen. Hil batzuk geroago, AEDk Arrasate Telebista sortu zuen, hori ere euskara hutsean.

Euskararen aldeko olatuak harrapatuta

Alegia, justu Jonek hiesdunen aldeko militantzian hasi aurretik, Arrasateko euskaltzaleek euskararen aldeko tsunami bat eragin zuten herrian, Euskal Herri osoan sentitu zena, urte haietan Arrasate eredu bihurtu baitzen Euskal Herriko euskaltzaleentzat.

AEDren lanak eta euskarazko hedabideen eraginak indartu egin zuten euskara hutsezko dinamika Arrasaten, eta susmoa dut Jon Salaberri apur bat lekuz kanpo geratu zela dinamika hartatik, nahiz eta bai Arrasate Press-ek eta baita Arrasate Telebistak ere txintxo eman haren lanaren berri. Batez ere telebista lokalak bistaratu zuen Jon ez zela moldatzen euskaraz, haren ahotsa bikoiztuta agertzen baitzen beti.

Dena dela, harrezkero mende laurden baino gehiago joan da, eta, biziko balitz, ez dago esaterik Jonek ez zuela euskara ikasiko, Idoia arrebak eta Isidor anaiak egin duten bezala.

Emaidazu eskua, ez da ezer gertatzen

Gipuzkoan zabaldu ziren iragarkiak

Argazki hauetatik erdikoa iltzatuta nuen oroimenean. Gogoan nuen egun batean, asteburuan seguruenik, egunkaria irakurtzen ari nintzela, ez dakit zer egunkari, orrialde osoko iragarki bat ikusi nuela, eta bertan Jon Salaberri agertzen zela bi pertsonak lagunduta, euretariko bat Eduardo Txillida eskultore famatua. Eta gogoan dut argazki hura ikusi bezain laster, pentsatu nuela Jon Salaberri eta bere lagunen mezua iristen ari zela euskal gizartearen gero eta esparru gehiagotara. Eduardo Txillida ez zen edonor, garai hartan Euskal Herriak nazioartean zuen artistarik ezagunena bai, eta bera agertzen bazen Jon Salaberri babesten hain modu nabarmenean, horrek zerbait esan nahi zuen. Horregatik berreskuratu nahi nuen argazki hura.

Baina memoriak jokaldi makurra jokatu zidan. Zergatik ez dakidala —seguruenik garai hartan irratiaz gain, telebistan ere dezente aritu zelako—, sinetsita nengoen Jon Salaberri babesten Eduardo Txillidaren ondoan zegoen emakumea Almudena Cacho zela, Radio Euskadiko esatari ezaguna. Bera zenez hiruretatik bizi zen bakarra, deitu egin nion irratira, eta azaldu egin nion orain hogei urte baino gehiago zelan azaldu zen, Eduardo Txillidarekin batera, iragarki batean, Jon Salaberri babesten. Bera ez zen gogoratzen, baina ez zuen baztertu hori gertatu izana, garai hartan leku askotan aritu baitzen, ekitaldi publikoetan-eta. Handik astebetera deitu egin zidan esanez bere taldeak ez zuela ezer aurkitu EITBren artxiboetan, baina segituko zuela ikertzen.

Bila eta bila aritu ondoren, amore ematen hasia nintzen, baina orduan Idoia Salaberrik aipatu zidan garai batean kartel hori, Txillida erakusten zuena, egon zela Hies Ekimena elkarteak Arrasaten eduki zuen lokaleko hormetan. Pare bat aldiz joan nintzen lokal hartara, Jon Salaberri zenaren etxe ondoan dago, baina itxita aurkitu nuen. Horregatik, eskatu nion Idoiari ea jaitsi zitekeen telefonoarekin lokalera, gaur egun Alkoholiko Anonimoak daude bertan, eta argazki bat atera kartelari. Eta halaxe egin zuen: jaitsi, atea zabalik aurkitu, eta sartu egin zen. Bertakoekin hitz egin ondoren, argazki bat egin zuen, eta niri bidali Whatsappera. Horma-irudia nahiko higatuta zegoen, baina garbi ikus zitekeen oker nengoela, bertan agertzen zen emakumea ez baitzen Almudena Cacho, baizik eta Irene Laffitte pintore donostiarra.

Erabat lotsatuta, deitu egin nion Almudena Cachori, eta, dena azalduta, barkamena eskatu nion, okerragatik eta bere denbora galarazteagatik. Almudena oso ondo portatu zen. Ez zion garrantzirik eman nahasteari, eta animatu egin ninduen Jon Salaberriren inguruan egiten ari nintzen lanean.

Egunkarietan azaldu zen iragarki-sorta osoa, berriz, Aitor Iturriagak zeukan gordeta, Jon Salaberriren aspaldiko lagunak. Bilbon nengoela Josu Unanue elkarrizketatzeko, telefonoz deitu zidan, esateko berak bazeukala hainbat material Jonen inguruan, tartean Txillidarekin-eta egindako iragarki sorta. Berak ere ez daki zelako poza eman zidan.

Hiru iragarki ziren, eta euretariko bakoitzean Jon Salaberri zen figura zentrala, bakoitzean bi lagunek lagunduta: Eduardo Txillida eskultorea eta Irene Laffitte pintorea; Ander Vilariño auto-gidaria eta Xabier Elorriaga aktorea; eta Alberto Gorriz futbolista eta Antxon Urrosolo telebista-aurkezlea.

Geroago jakin nuen iragarki kanpaina hura Donostia, Gasteiz eta Bilboko Prentsa elkarteek antolatu zutela 1992ko amaieran eta 1993ko hasieran, hiru hiriburuetan antolatutako arte-erakusketa baten harira, dirua biltzeko hiesaren kontra. Gipuzkoan Jon Salaberri aukeratu zuten iragarkia egiteko, garai hartan bera baitzen hiesaren aurpegirik ezagunena gure artean. Eta hor ere, Jonek baietz, jakinda kanpainak indartu egingo zuela hiesdunen aldeko jarrera.

Esanguratsua da iragarkiaren leloa: “Emaidazu eskua, ez da ezer gertatzen”, adierazten baitu garai hartan jendeak zelako beldurra zion hiesari. Leloa, bestalde, bat zetorren Jon Salaberrik bere artikuluetan eta telebistan egindako adierazpenekin.