Ikastetxeetako patioetan inbertsioak egingo ditu Udalak

2017/11/15
Card image cap
Institutuan, Erguinen, Bedoñaben, Arimazubin, Gazteluondon eta Santa Teresako eskoletako patioetan egokitzapen lanak egin eta material berriak jarriko ditu eta horretarako 22.597,30€ko inbertsioa egingo du

Arrasateko udal gobernuak arreta berezia jarri du hezkuntzan eta horretarako, hezkuntza zentroekin elkarlanean eskoletako patioak hornitzeko txosten bat egin berri du beharrak jasotzen dituenak.

Ikastetxeetako patioei dagokionean, eskola orduz kanpo, bertako jolaslekuak zabalik uztea adostu du Udaleko Hezkuntza Sailak ikastetxeetako ordezkariekin, modu honetara, espazio horiek herritarrei zabaldu ahal izateko. Ordainetan, jolasleku horiek egokitzeko ardura hartu du Udalak bere gain. Ildo horretan, Udaleko Zerbitzuetako teknikariek eskoletako jolastokien beharrak jasotzen dituen txostena osatu dute. 

Txostenean Institutuko, Erguineko, Bedoñabeko, edo Arizmendi Ikastolako hiru eraikinetako (Arimazubi, Gazteluondo eta Santa Teresa) beharrak jaso dira, horien artean: bizikletak edota patineteak uzteko lekuak doitzea, banku edota mahaiak jartzea eta, jolasei dagokienean, ping-pong mahaiak edota lurreko jolasak ahalbidetzea. Institutuaren kasuan, aterpe bat egitea ere jaso da. Lan horiek guztiak aurrera eramateko 22.597€ko inbertsioa egingo du Udalak.

  • Institutoan jarriko dira patineteentzat 15 aparkaleku, 4 banku, eta aterpea. Futbol porteriak eta saskibaloi zelaiak ere margotuko dira.
  • Erguineko Herri Eskolan jarriko dira bizikletentzat 6 aparkaleku, patineteentzat 30 aparkaleku, 5 banku, hormigoi txurizko mahai bat, ping-pong mahai bat eta MRLRT Muralart Arrasateko muraslita taldeak 3 jolas margotuko ditu lurrean.
  • Bedoñabe Herri Eskolan 2 banku jarriko dira.
  • Arizmendi Arimazubi gunean bizikletentzat 6 aparkaleku, patineteentzat 15 aparkaleku, 6 banku, eta ping-pong mahai bat.
  • Arizmendi Gazteluondo gunean bizikletentzat 6 aparkaleku, patineteentzat 15 aparkaleku eta frontoi txikia zein handia margotuko dira.
  • Arizmendi Santa Teresa gunean patineteentzat 15 aparkaleku, banku bat eta frontoia margotuko da.

 

Inbertsio eta egokitzapen lan horiek guztiekin, Udalak helburu du herriko haurrei aisialdi eta jolas guneak erosoagoak egitea eta euren mugikortasuna bultzatzea (bizikleta zein patinetea) aipatutako patioak egungo behar eta garaietara egokituz.