Apirilaren 30ean abiatuko da XVIII. Musikaldia 6 kontzertuko programa oparoarekin
2022/04/21Datorren apirilaren 30etik maiatzaren 22ra XVIII. Musikaldia ospatuko da Arrasaten. Musikaldiak ibilbide luzea darama jada herrian eta urteak pasatu ahala, erreferentziazko jardunaldia bilakatu da. Hasiera batean musika klasikoaren inguruan antolatzen zen arren, urteekin egokitzen joan da, mota eta estilo askotako ekitaldiak izan ditu, eta gaur egun Arrasateko musikarien erakusleiho ere bilakatu da, bai izen propioentzat zein musika taldeentzat. Aurten, esaterako, bertan izango dira Andra Mari Abesbatza edota Arrasate Musikaleko Orkestra.
Juan Ramon Mendieta Kultura zinegotziak azaldu du: “Kultura gure lan ardatz nagusienetakoa da, eta helburutzat ditugu herriko kultura eskaintza zabaltzea eta kultura bera sustatzea; horregatik, beste urte batez, egitarau zabal eta askotarikoa antolatu dugu, bereziki pandemia osteko egoera honetan, kultura eragileen lana baloratu eta indartzeko”.
XVIII. edizioak sei ekitaldi batzen ditu guztira eta kontzertu guztiak 19:30ean izango dira herriko txoko ezberdinetan.
Hona hemen XVIII. Musikaldiko egitaraua:
- Apirilak 30, 19:30 San Frantzisko elizan: Ensemble Tylman Susato
- Maiatzak 7, 19:30 Kulturateko Areto nagusian: Soinuaren Bidaia
- Maiatzak 8, 19:30 San Frantzisko elizan: Andra Mari Abesbatza
- Maiatzak 13, 19:30 San Frantzisko elizan: Arrasate Musikaleko Soka Orkestra
- Maiatzak 14, 19:30 Kulturateko Areto nagusian: Piacere dei Traversi
- Maiatzak 22, 19:30 Kulturateko Areto nagusian: Harribitxi