AUKEAk kirol eskaintza berria aurkeztu du
16/09/2014Juani Errasti, AUKEAko kirol teknikari berriak eta Edorta Bolinagak azaldu dute, 2014/2015 ikasturtea hasi berri dugun honetan, Arrasatearrentzat zer kirol eskaintza duten prestatuta.
Kirol ekintza pila baten artean egin daiteke aukera eta, Juaniren esanetan “pertsona bakoitzaren aukeraketa errazagoa bihurtu asmoz”, ekintza horiek multzo ezberdinetan banatu dituzte, zenbait ezaugarri kontuan hartuta:
- Ekintza lasaiak
- Ekintza aktiboak
- Adin tarte jakin batzuei zuzendutako ekintzak
- Outdoor ekintzak
- Ur jarduerak
Bakoitzak bere neurriko kirol jarduera
Juanik azaldu duenez, “kirol eskaintza honen bidez arrasatearrei bizimodu osasuntsurako aukerak eskura jarri nahi dizkiegu. Pertsona bakoitzak bere neurriko kirol jarduera topatzea oso garrantzitsua da, bere ezaugarriekin bat etorri behar da. Ondo aukeratuz gero, erabiltzaileak disfrutatu egingo du kirola eginez eta, gainera, osasuntsu egoten lagunduko dio jarduera horrek”.
Kirol eskaintza osoa, hemen.
Aurtengo eskaintzako kirol jarduera azpimarragarrienak K-STRECH eta HIPOPRESIBOA direla aipatu du Juanik “osasun ikuspegitik lagungarrienak dira, era lasaian gure gorputzaren atal garrantzitsuak orekatzeko balio dutelako”. Jarduera aktiboen artean, berriz, jadanik ezagunak diren spinninga, body pumpa e.a aipatu ditu.
Bestalde, kirol teknikariak gogorarazi du adin tarte bakoitzerako erakargarrienak eta osasun aldetik eraginkorrenak izan daitezkeen hainbat kirol jarduera prestatu dituztela: “Adibidez,gaztetxoei KID PILATES, SPINING eta ZUMBA ekintzak proposatzen dizkiegu . 55urte baino gehiago dituztenentzako ere bizitza aktibo eta osasuntsu bat eramateko eskaintza berezia dugu, gimnasia eta igeriketa egokituan oinarrituta”.
Outdoor edo kanpoan egiteko ekintzen artean, berriz, momentu honetan NORDIC WALKING-ada berritasuna Euskal Herrian. Juanik azaldu duenez, “Arrasatera uda aurretik ekarri genuen eta, izan zuen arrakasta ikusirik, ikasturte berrirako eskaintzara gehitu dugu. Erresistentzia aerobikoa osotasunean lantzeko jarduera fisiko bikaina da”.
Ur jarduerek ere presentzia berezia dute 2014-2015eko kirol eskaintzan. Hainbat ekintza eta ikastaro izango dira igerilekuan:
- Matrogym, esklusiboki haurdun dauden emakumeei zuzendutako jarduera ludiko eta osasungarria da, igerilekuan egitekoa.
- Aquagym, uretan egiten den lan aerobiko moderatua, uraren grabitate-ezaz baliatuz.
- Aquafitness, uretan egiten den lan aerobiko bizia, oso egokia da lesioak saihesteko eta sasoian egoteko.
- Aquarunning, uretan egiten den lasterketa, korrikalarientzat osagarri aproposa da eta, laster egingo den Behobia-Donostian parte hartzeko asmoa dutenendako oso lagungarria.
Zerbitzu berria: Gimnasio aholkularitza
Kirol jardueren eskaintzaz gain, Musakolako kiroldegian AUKEAk eskaintzen duen zerbitzu berria aurkeztu dute: Gimnasio aholkularitza.
Kirol teknikariaren esanetan, gimnasio aholkularitza zerbitzua oso erabilgarria da bai kirola egiten hasten direnentzako, baita kirola egiteko ohitura dutenentzako ere: “Profesional baten aholkularitza eskaintzen dugu kirola modu osasuntsuan eta egokian egiten laguntzeko. Pertsona bakoitzak bere neurriko kirol jarduera topatzeko oso lagungarri izan daitekeen zerbitzua da”.
Edorta Bolinaga da Musakolako kiroldegian Gimnasio aholkularitza ematen duen profesionala. Bere esanetan, ekainetik hona hainbat pertsona etorri zaizkio aholku eske “tartean gimnasio bat sekula zapaldu ez duten makina bat”.
Aholkularitza zerbitzuaren ordutegiari dagokionez, Edortak esan digu erabiltzaileen eskaeren arabera finkatuko dela. Horretarako ari da ordutegi ezberdinak probatzen, aztertzeko ea zerbitzuak noiz dituen erabiltzaile gehien “aste bitartean goizez etortzen naiz aste batean, eta hurrengoan arratsaldez. Zapatu goizetan ere ikusi gura dut ea zenbat jende etortzen den, eta horretarako irailaren 27an hemen izango naiz”.
Gimnasio aholkularitza zerbitzuaren iraileko ordutegia hauxe duzue:
- Irailak 15etik 19ra: 14:30etatik 21:30etara.
- Irailak 22tik 26ra: 07:00etatik 14:00etara.
- Irailak 27 (zapatua): 09:30etatik 12:30etara.