Seber Altube plazan ‘Emakumeak gora!’ erakusketa ikusgai martxoaren 13tik 16ra

2023/03/14
Card image cap
Kanpainak erakusten du zeintzuk diren emakumeei lidergo postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak, eta mito faltsuak eraisten ditu

2023ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren kanpainaren leloa da Emakumeak gora!, Emakundek bultzatua Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, hiru foru aldundiekin, EUDELekin eta EAEko hiru hiriburuetako udalekin batera. Arrasateko Udalak bat egin du kanpainarekin. Lelo horrek aldarrikatzen du gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki eta eragin postuetan.

Horren harira, Seber Altube plazan ‘Emakumeak gora!’ erakusketa ezarriko da martxoaren 13tik 16ra. Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak, Maitane Muñoz Garapen Komunitarioko zinegotziak eta Nerea Isasi Gipuzkoako Berdintasun zuzendariak aurkeztu dute ekimena prentsa agerraldian.

Kanpainak erakusten du zeintzuk diren emakumeei lidergo postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak, eta mito faltsuak eraisten ditu, hala nola emakumeek prestakuntza gutxiago dutela postu horiek betetzeko, eta Euskadin goi mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik ia % 60 emakumeak direla adierazten duten datuak emateko.

Kanpainaren protagonistak emakumeak dira, eta gogorarazten digutenez:

  • Emakumeek gerentzia postuen % 6 bakarrik betetzea ez da prestakuntza edo lidergo faltagatik. Erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako baizik.
  • Emakumeek titulazio teknikoetako matrikulen % 23 baino ez ordezkatzea ez da bokazio faltagatik, baizik eta, besteak beste, mugatzen gaituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntza baten emaitza delako.
  • Zaintzeko eszedentzien % 73 emakumeek hartzea ez da guk bakarrik dakigulako zaintzen. Gizarteak rol hori ezartzen digu eta horrek zaildu egiten du gure garapen profesionala.

Kanpainaren informazio guztia www.emakumeakgora.eus webgunean eskuratu daiteke.

Johanna Sanchez zinegotziak nabarmendu du “gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabaki eta eragin postuetan, eta kanpaina honetan erakusten dugu zein diren emakumeei lidergo postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak. Boterea gizonen kontu gisa ikusten jarraitzen dugula; emakumeei perfekzioa eskatzen zaiela erantzukizun postuetara iristeko; haurrek oraindik ere jasotzen dituzten mezuetan mutilen lidergoa indartzen dela; edo anbizioa sozialki zigortuagoa dagoela emakumeen artean. Kanpaina honekin horrelako ideiei egin nahi diegu aurre”.

Nerea Isasik gogoratu du, Gipuzkoak Arrasaterekin batera, Europan desberdintasun maila txikiena duen pertsonen komunitateetako bat izan nahi duela, baina, “ahalegin horretan, oraindik ere emakumeak desabantaila egoeran ageri direla eremu askotan, baita gure lurraldean ere”. Horregatik, adierazi du lehentasunezkoa dela emakumeen lidergoak sustatzea, “ikuspegi feminista gobernantzan txertatuz eta lidergo partekatuaren eredu batetik abiatuz”. Era berean, berdintasun arloan erabakiak hartzean, lan egin behar dela emakumeen parte hartzea areagotzeko baldintzak sortzearen alde, eta emakumeen parte hartzea ikuspegi askoz ere zabalago batetik ulertu behar dela, hau da, emakumeek erabakiguneetan parte hartzeko dituzten baldintzak aldatu behar direla.