Udalekuetan edo kirol campusetan haurren parte hartzea sustatzeko 30.000 euroko dirulaguntza partida bideratuko du Udalak, iaz baino 10.000 € gehiago

2025/02/12
Card image cap
Muga ekonomikoak gainditu nahi ditu Udalak, eta bazterketa ekonomikoa ekidin.

Udalekuetan edo udako kirol campusetan herriko haurren parte hartzea sustatzeko xedea duen dirulaguntza lerro honen deialdia aurreratu du Arrasateko Udalak, dagoeneko irekita baitaude hainbat udalekutan izena emateko epea. 

Udalekuek edo kirol campusek bi ezaugarri hauek bete behar dituzte:

  • Aktibitatea 2025eko udan gauzatuko da.
  • Antolatzailea izango da irabazi asmorik gabeko herriko aisialdi, kultur edo kirol elkarte bat.

Familiek bi baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza hau eskuratzeko:

  • Arrasaten bizitzea.
  • Gehieneko diru-sarrera gordinak urteko:
    • 21.200 € / 2 laguneko bizikidetza unitateen kasuan                                                                                                                                       
    • 27.560 € / 3 laguneko bizikidetza unitateen kasuan                                                                                                                                        
    • 31.800 € / 4 lagun edo bizikidetza unitateen kasuan   

Modu honetan, dirulaguntza honen onuradunak suertatzen diren familiek % 90eko deskontua izango dute matrikularen ordainketan, gehienez ere 212 € arte.

10.000 € gehiago familien zailtasun ekonomikoak ekiditeko

30.000 euroko dirulaguntza partida bideratuko du Udalak haurren parte hartzea sustatzeko. Muga ekonomikoak gainditu nahi ditu Udalak modu honetan, eta bazterketa ekonomikoa ekidin. “Familia askok arazoak dituzte haurren udalekuak ordaintzeko, eta hori ezin da muga izan haurren parte hartzerako. Muga ekonomiko hauek gainditzeko, 10.000 eurotan igo dugu dirulaguntza partida, haur bat bera ere ez dadin baztertua geratu” adierazi du Gladys Fernandezek, Belaunaldiarteko Zinegotziak.

Oinarriak, informazioa eta eskaerak aurkeztea

Dirulaguntzen oinarriak esteka honetan aurkituko dituzu. Bertan jasotzen dira aurrez aipatutako baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia. Eskaerak aurkezteko arrasate.eus webgunean egin daitezke, edo eta Biztanleen Arreta Zerbitzuan (BAZ).

Informazio zabalagoa jasotzeko, Gazte Bulegora jo - Biteri kalea, 3 Tel. 943252065