‘Eskolara Oinez’ joateko ekimena jarri du abian Arrasateko Udalak Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea baliatuz
2020/09/15Arrasateko Udaleko Ingurumen Eskolak, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez, Arrasateko ikasle eta irakasle guztiak motordun ibilgailuak alde batera utzi eta eskolara oinez joatera animatu nahi ditu irailaren 16tik 22ra ‘Eskolara Oinez’ ekimenarekin. Horrez gain, herri-busa doanekoa izango da Mugikortasun Astean ere.
Edurne Unamuno zinegotziak, Nerea Lazpiur Ingurumen teknikariak eta Kandi Fernandez Udalako Ingurumen Eskolako zuzendariak eskaini dituzte xehetasunak prentsa agerraldian: “Aurtengoa urte berezia ari da izaten. Covid-19ak izugarri eragin digu alor guztietan; baita mugikortasunean ere. Konturatu ginen konfinamendu garaian zein mailako altxorra den mugikortasun aske eta jasangarria. Hori dugu helburu egoerak baldintzatuta datorren mugikortasun astearekin. Horrexegatik, astearen ekimen nagusia ‘Eskolara Oinez’ ekimena izango da. Oinez mugitzea garrantzitsua da, alde batetik, motordun ibilgailuek sortzen dituzten inpaktuak (zarata, Berotegi Efektuko gasen isurketa, etab.) murrizteko eta beste aldetik, modurik osasuntsuena delako aire zabalean mugitzeko” nabarmendu du Unamunok.
Aurten ere, azken 5 urteetan bezalaxe, Arrasate Herri Eskolako 4. 5. eta 6.mailako ikasleek parte hartuko dute “Eskolara Oinez” egitasmoan. Egun horietan, Ingurumen Eskolako irakasleek gidatuko dituzte eskolaraino iritsiko diren bi ibilbideak; bata Biteritik irtengo da eta bestea, Kurtzetxiki plazatik.
Esan moduan, 2002tik Arrasaten ospatzen den Mugikortasun Asteak aldaketak jasan ditu Covid-19aren eraginez. Hainbat ekintza ez egitea erabaki da, hala-nola hain arrakastatsuak diren bigarren eskuko bizikleta azoka eta Bir-Zikleta, bizikleten erakusketa.
Animatu zaitezte! Ingurumenaren eta osasunaren alde egin, eta eskolara oinez joan!