Arrasate gune tentsionatua izendatzeko txosten teknikoak idatziko ditu Udalak

2024/10/30
Card image cap
Arrasatek gune tentsionatua izateko baldintzak betetzen dituela uste du Udalak. Txosten tekniko hauek idaztea izendapena jasotzeko lehen urratsa da.

Arrasate Bizitegi-Merkatuko Tentsio Handiko Eremu bezala izendatze lanak abiarazi ditu Udalak. Horretarako, ezinbestekoak ditu hiru dokumentu nagusi landu eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztea. Dagoeneko dokumentazio hau osatzeko lanetan hasi da.

“Etxebizitzaren prezioa etengabe igo da azken urteetan. Gaur gaurkoz, Arrasaten etxe bat alokatu edo erostea ez dago edonoren esku. Etxebizitza eskubide bat da, eta gaur egungo espekulazioari muga jarri beharra diogu gizarte bezala. Uste dugu Arrasatek gune tentsionatua izendatzeko baldintzak betetzen dituela eta lan horretan hasiak gara dagoeneko” adierazi du Maider Morras alkateak.

Izendapenaren lehen urratsa, azterketak egitea

Hiru dokumentu nagusi sortuko ditu Udalak: etxebizitzari buruzko diagnosi bat, tentsio eremu gisa izendatutako eremuan hautemandako desorekak zuzentzeko inplementatuko diren neurri zehatzen ekintza plan bat, eta memoria bat, non arrazoituko den ez dagoela biztanleen beharrak asetzeko adina etxebizitza.

Honako dokumentu hauek sortuko ditu Udalak:

  • Diagnostikoa: herriko etxebizitzen errealitate sozioekonomikoa aztertuko du txosten honek. Besteak beste, joera demografikoak eta emantzipazio mailak aztertuko ditu, analisi sozioekonomikoa, etxebizitza beharrak eta eskariak, etxebizitza parkearen bilakaera, etxebizitzen erosketa eta alokairu merkatua, edota etxebizitza politiken intzidentzia aztertuko ditu.
  • Justifikazio Memoria: tentsio eremu izendatzeko irizpideen estimazioa egingo da, jakiteko legeak exijitzen dituen baldintzak betetzen dituen.
  • Ekintza Plana: Arrasateko bizitegi-merkatuan eragiteko 3 urterako ekintza-plana egingo da.

Etxe hutsen analisia egiten

Arrasateko Udala herriko etxe hutsen analisia egiten ari da. “Azken analisia 2012koa da, eta, ordutik, egoera oso bestelakoa da. Analisi hau eguneratzea ezinbesteko ikusten dugu” adierazi du Morrasek.

Horretarako, behin behineko kontratazioa egin da, eta dagoeneko langile bat lanean ari da diagnosia egiten eta herrian dagoeneko eginda dauden etxebizitzen eta haien erregimenaren inguruko azterketa bat egiten, etorkizunean planeamendu berriak eskaini beharko dituen etxebizitza berrien nolakotasuna definitzen laguntzeko.