Udaleko Gazteria sailak “Osasun mentala: zeure burua ulertzen ikasi” tailerra antolatu du, 16-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

2024/04/03
Card image cap
Tailerra apirilaren 23an izango da, eta aurrez izena eman beharko da arrasate.eus-en edo BAZen.

Datorren apirilaren 23rako, Udaleko Gazteria Sailak “Osasun mentala: zeure burua ulertzen ikasi” tailerra antolatu du, 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzat. Tailerra Ainhoa Urretagoiena profesionalak emango du.

Tailerraren helburu orokorra: “osasuna eta bizi kalitatea lortzeko, ezinbestekoa da, gorputzaz gain, gure burua ere zaintzea. Pixkanaka, jabetzen ari gara osasun mentalak duen garrantziaz, eta ordua da gaiari behingoz heltzeko. Tailerraren bitartez geure burua ulertzeari ekingo diogu. Dinamika askoren bitartez autoezagutzaren bidea hartuko dugu, osasun mentala hobetzeko helburuarekin” adierazi dute antolatzaileek.

Modu honetan, osasun mentalaren garrantziaz ohartarazteaz gain, emozioen ezagutza eta kudeaketa sustatuko dira, eta gazteen ahalduntzeko oinarria finkatuko da.

Tresna batzuk landuko dira, egunerokotasunean emozioak kudeatzeko, komunikatzeko, eta barrutik zein kanpotik hobeto egoteko. Horretarako, norberaren ohiturak, denbora kudeaketa eta zaletasunak landuko dira, norbere buruarekiko kontzienteago izan dadin, elkarrezagutza sustatuz, harreman onuragarriak eraikitzeko.

Metodologia eta izen emateak

Tailer aktiboa izango da. Irakasleak gaiarekin lotutako edukiak aurkeztuko ditu, eta dinamika ugari izango da.

Tailerrean parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea arrasate.eus atarian, edo BAZen. Plaza mugatuak dira; beraz, interesa izanez gero, gomendatzen da lehenbailehen egitea.

Udaleko Gazteria sailak tailer hau antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren “TREBA Gurasoak” egitarauarekin elkarlanean.