Arrasateko Udalak Musakolako Gaztetxoko berria zabaltzeko lokala eskuratu du
2024/09/18Atzo sinatu zuten Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako Gotzaitegi Nagusiak Elcano kaleko 1. zenbakian dagoen lokalaren salerosketa. Modu honetan, Musakolak Gaztetxoko berria izango du, behin egokitzapen lanak egin ostean.
“Urtebeteko negoziaketen ondoren Musakolak gazteentzako gune berria irabazi du. Lokalaren egokitasuna ikusita, elizako ondasunen administraria den Fernando Laspiur arrasatearrarekin jarri ginen harremanetan, eta bere bitartekari lanari esker lortu dugu akordioa. Prozesua orokorrean, eta Elizarekin harremana bereziki, ona izan da. Gure aldetik eskerrak ematea Laspiurri eta Horacio Argate parrokoari. Izan ere, Musakolarentzat ez ezik, Arrasatear guztiontzat ere onuragarria izango baita gazteek izango duten espazio berri hau” adierazi du Maider Morras Azpiazu alkateak.
Ondasun berria 85.000 eurotan bereganatu du Udalak, eta notariotzan sinatu zuten atzo lokalaren eskualdatzea; alkateak berak, eta Donostiako Elizbarrutiaren izenean Luzia Alberro idazkari nagusiak.
Gaztetxoko berria obren zain
Lokala jabetza publikoa izatera pasa bada ere, oraindik egokitzapen lanak egin beharko ditu Udalak. Horiek egiteko dagoeneko proiektua idatzita dago, eta datozen hilabeteetan aterako da lehiaketara. “Gazteei egokitutako espazio zabala izango da, beraien beharrei erantzungo dien Gaztetxokoa. Konpromiso hau agintaldi hasieran hartu genuen, eta gazteriarentzako politikak aktibatzeko konpromisoarekin jarraitzen dugu” adierazi dute.