Arrasateko Udalak itxi egin du Mojategira doan kalea, egiten ari diren obretan lapurreta gehiago ez izateko

2024/09/10
Card image cap
Udalak loreontzi handiak jarri ditu, ibilgailurik igaro ez dadin . Oinezkoak normaltasunez igaro ahal izango dira. Gunea Udaltzaingoak zainduko du gauez.

Mojategiko argiztapen sarea berritzen ari dira uztailaz geroztik, eta, udan, lapurrak sartu dira materiala lapurtzera. “Furgoneta batekin sartu dira Mojategiraino, eta, batez ere, kobrea eta kableatua lapurtu dituzte, Horrek, kalte ekonomikak eragiteaz gain, obraren martxa onean eragozpenak sortuko ditu” adierazi dute udaletik.

Halaber, adierazi dute, “Udaltzaingoarekin elkarlanean, gunearen zaintza intentsiboa indartzea eta loreontzi handi hauek jartzea erabaki genuen, lapurretarik izan ez dadin”. Behin lanak amaituta, loreontziak kenduko dituzte.