Arrasateko Emakume Txokoak mural berria du, Helena Azkarragaurizar Jauregik egina

2023/11/03
Card image cap
Guneak 20 urte bete ditu, eta Arrasateko Udaleko Berdintasun sailak, urteurreneko ekintzen artean, eremua janzteko, artista arrasatearrari eskatu dio irudi bat sortzeko

Arrasateko Emakume Txokoaren 20. urteurrenari lotutako ekintzen artean, plaza janzteko, mural bat egitea proposatu zen gune bilakatzeko, Emakume Txokoaren sarreran dagoen plaza txikia txukundu eta gozatzeko.

Emakume Txokotik murala egiteko enkargua egin zaio Helena Azkarragaurizar Jauregi artista arrasatearrari. Lanaren helburua bikoitza izan da: emakume txokoaren sarbideko plaza espazio goxo bilakatzea eta Arrasateko emakume artista bati aukera ematea bere lana erakusteko.

“Gustura, lasai eta etzanda dauden bi lagun”

Azkarragaurizar Jauregik nabarmendu du murala margotzea “oso esperientzia positiboa” izan dela. Gaineratu du lehenengo aldia dela horrelako lan bat berak bakarrik egiten duela, eta prozesuarekin gozatu egin duela. “Askatasuna izan dut diseinua planteatzeko, eta obra sortzen asko disfrutatu dut. Oso esperientzia murgiltzailea izan da horma handian margotzea, eskanerrean kabitzen zaizkidan formatuetara ohituta nagoelako. Irudiari dagokionez, Emakume Txokoko atarian bi lagun etzanda irudikatu ditut, besterik gabe, gustura eta lasai dauden bi lagun”, azaldu du artista arrasatearrak.