Arrasaten 65 urtetik gorako pertsonen bizi-kalitateak balorazio positiboa jaso du

2019/06/13
Card image cap
Hurkoak, Arrasateko Udalarekin eta Adinberri Fundazioarekin lankidetzan, bakarrik edo bikotean bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen hauskortasunari eta zaurgarritasunari buruzko azterlan bat egin du. Helburua adineko pertsona horien egoera erreala eta gizarte-premiak ezagutzea da, horien bizi-kalitatea hobetzen laguntze aldera.

Azterlan horren emaitzak gaur aurkeztu dira prentsaurrekoan. Bertan izan dira Amaia Azpiazu (gizarte-zerbitzuen zinegotzia), Jose Ignacio del Pozo (Hurkoako zuzendari-kudeatzailea), Bakarne Etxeberria (Hurkoako hauskortasun-programaren koordinatzailea), Rakel San Sebastian (Adinberri Fundazioko zuzendari-orokorra), eta Ikeiko proiektuen arduraduna, Laura Gallo.

65 urtetik gorako adinekoek hainbat arlotan zer egoera bizi duten jakitea izan da azterlanaren helburua; zehazki, arlo hauek aztertu dira: osasuna eta eguneroko jardueretan izan ditzaketen mugak, harreman sozialak eta parte-hartze sozial eta komunitarioa, ongizate emozionala, etxebizitzaren egoera, errealitate ekonomikoa eta erabilgarri dauden gizarte-baliabideen berri izatea. Lortutako emaitzak, 64 urtetik gorako 200 adinekori baino gehiagori egindako inkestetatik atera dira; horietatik 152 bakarrik bizi dira eta 66 beste norbaitekin.

Arrasaten, Udalmapen datuen arabera, biztanleriaren %24,2a 65 urtetik gorakoak da. Horietatik % 12k 75 urte edo gehiago dute. Zifra hori Gipuzkoaren batez bestekotik (% 10,6) gora dago.

Datu horri erreparatuz, , Amaia Azpiazuk adierazi du azken urteotan Udalak eta bereziki Gizarte Zerbitzuen sailak arreta berezia jarri duela adineko pertsonengan. “Gure herritarren ia laurdena adineko pertsonak dira eta hori jakinik haien egungo errealitatea ezagutu nahi izan dugu. Horretarako, duela bi urte haien momentuko egoera ezagutzeko azterketa bat egin genuen; horrekin batera, ke detektagailuak ere jarri genituen haien etxeetan eta larrialdi egoera baten aurrean eman beharreko pausoen inguruko informazioa eta laguntza ere eskaini genien guztiei”, azaldu du Azpiazuk. “Orain, azterketa honi esker adinekoen egunerokotasunaren inguruko informazio gehiago jaso ahal izan dugu, beraz, aurrerantzean, gure helburua izango da Gizarte Zerbitzuak adinekoen egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuna emateko egokitzea, modu horretara, guztien bizi kalitatea bermatu eta hobetzeko, noski”, gehitu du Azpiazuk.

Ikerketako datuak

Bide horretan, osasuna izanik bizi kalitatea bermatzen duen eragile garrantzitsuenetarikoa, osasunari dagokionez, balorazioa 6,8 puntukoa da 10erainoko eskala batean. Bakarrik bizi diren pertsonetatik % 19,5a erori izan da behin edo behin eta zailtasunak izan ditu altxatzeko. % 15,4k maiz izan ditu osasun-arazoak eta horrek beren kabuz moldatzea eragotzi izan dio. % 10,6k esan du osasun-arazoek kalera irtetea galarazten diotela.

Inkestatuen % 70ak adierazi du gaitasun ona edo oso ona duela eguneroko jarduerak eta lanak egiteko; alabaina, % 9k txarra edo oso txarra duela adierazi du. Bakarrik dauden pertsonen artean, % 31k zailtasunak ditu ekonomia- edo lege-jarduerak egiteko eta % 30k etxeko lanak egiteko.

65 urtetik gorako pertsonen harreman-egoerari buruz lortutako datuen arabera, arlo horretan egoera positiboa da; izan ere, % 84k egunero ditu harremanak hurbileko familiarekin. % 95ak nahikoa babesa jasotzen du familiatik; alabaina, % 5ak ez du halako laguntzarik. Gainera, % 3,3k esan du ez duela norengana jo laguntza behar izanez gero.

Ongizate emozionalari dagokionez, galdetutakoen % 15ak bakardadea edo tristura sentitzen du.

Egoera ekonomikoarekin edo etxebizitzarekin lotutako alderdietan, bakarrik bizi diren pertsonen % 10ak adierazi du zailtasunak dituela gastu orokorrei erantzuteko eta % 35ak negatiboki baloratu du eraikinaren atariko irisgarritasuna, eskailerak baitituzte, arrapalarik gabe.

Inkestak jasotzen duen beste datuetako batek erakusten du, galdetutako pertsonen % 90ak ezagutzen dituela Arrasateko Udaleko gizarte-zerbitzuak.

Lortutako datu guztiak aztertuta, Arrasateko adinekoen bizi-kalitatearen batez besteko balorazioa 7 puntukoa da 10eko eskala batean. Badago, aldiz, hauskortasun testuinguru bat, bakardade eta isolamendu egoerekin, herriko biztanlego kopuru murritz bateri eragin arren, pertsona hauen beharrei gertuagoko erantzuna eman ahal izateko abordatze osoa behar duena.

Azterketa hau Gipuzkoako hiru udalerritan egin da: Arrasaten, Pasaian eta Azkoitian, eta 637 pertsonak hartu dute parte, inkesta pertsonalen bidez eta telefono bidez. Proiektu hau Adinberri estrategiaren barruan finantzatutako lehenbizikoetako bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua, adinekoen zahartze osasuntsurako eta arreta osorako eredu bat zabaltzeko.

Helburua, Gipuzkoan 65 urtetik gorako adinekoen errealitatea ezagutzeaz harago, tresna bat sortzea da, hauskortasun egoeran dauden pertsonak identifikatu eta egoera hori baloratu ahal izateko eta horrela, egoera horietarako arreta-eredu bat ezartzeko.

 

Txosten osoa hemen eskuragarri.