Arrasateko hezkuntza diagnostikoa aurkeztu dute elkarlanean Udalak, Herri Eskolak, Institutuak eta Arizmendi ikastolak
2025/03/10
Arrasateko hezkuntza diagnostikoa aurkeztu dute gaur goizean Arrasateko Udalak, Arrasateko Herri Eskolak, Institutuak eta Arizmendi ikastolak. Diagnosia aurkezteaz gain, aurrera begira jarri, eta aurrerantzean emango dituzten urratsen berri eman dute. Hemen Arrasateko diagnostikoaren dokumentu osoa.
“Azken urteetan hezkuntzaren gaiak herritarrengan, ikastetxe zein familietan eta, oro har, herrigintzan eragiten duen kezkatik abiatuta, Arrasateko Udalak hezkuntza formal eta ez formalaren eremuko diagnosia egiteko prozesu bat jarri zuen abian” azaldu du Iratxe Salaberriak Herri Eskolako zuzendariak.
Haren esanetan, diagnostikoan, egungo herriko hezkuntza eremuaren osasuna behatu, aztertu, eztabaidatu eta arakatu dituzte, eta baita, elkarrekin, irtenbideak, ekintza bateratuak, elkarrekintzarako proposamenak eta aurrera begira egiteko modu berriak partekatu eta adostu ere.
Hiru arlo erdigunean: euskara, inklusioa eta bizikidetza eta herri kohesioa
Diagnosiak batutako datu guztien azterketa lan sakon bat egin ostean, ondorio eta erronken identifikazio partekatu bat egin dute eragileek. “Hezkuntzak egun dituen erronka, hutsune eta beharrak zehazteko eta zutabe garrantzitsuenak identifikatzeko, askotariko alorrek baldintzatzen badute ere, hiru dira adostasunez erdigunean jarri ditugun arloak: euskara, inklusioa eta bizikidetza eta herri kohesioa” azaldu du Illart Azkaratek, Arizmendi ikastolako zuzendariak.
- Euskara:
- Gazteen euskara erabilera areagotzeko, testuinguru seguru, erakargarri eta biziak sortzea, eskola eremutik haratago.
- Arrasaten euskara ikasteko aukerak zabaldu eta irisgarri egitea gazte zein helduentzat, eta euskalduntzeko baliabide gehiago jartzea.
- Inklusioa:
- Jatorri atzerritarreko familietako haur eta gazteen migrazio prozesuak dituen eraginen lanketa eta herri harrera abegitsua egiteko urratsak egitea.
- Inklusiorako eta herri kohesiorako oztopoen kontzientzia zabaltzea herrian.
Aniztasunaren balioa hedatu eta herritarrak sentsibilizatzea.
- Bizikidetza eta herri kohesioa:
- Eskolaz kanpoko eskaintza (EKE): eskola kirola eta parte-hartzea kohesio aukera bihurtzeko erronka.
- Haur eta gazteen babeserako prebentzioa eta tratu onak herriko bizikidetzarako palanka bihurtzeko erronka.
Herri hezitzaile baterantz
Diagnostikotik eratorritako ondorioak oinarri hartuta, plan estrategiko bat egiteko asmoa agertu dute, herri hezitzailearen filosofia berreskuratu, eguneratu eta baliatzeko aukeraz hitz egin du Jasone Giraldo Hezkuntza zinegotziak.
“Udalak apustu irmoa egiten du honetan eta horregatik, hezkuntza komunitateaz arduratuko den Kontseilua eratzeko eta dinamizatzeko zerbitzua kontratatuko du”. Berau osatzeko, ikastetxeez gain, herriko eragile ezberdinei bertan parte aktiboa izateko gonbita luzatuko zaie; “horrela, elkarrekintzan eta elkarrekin eta ikuspegi komunitario batetik, hezkuntzaren egungo beharrei modu transbertsalean aurre egiteko tresnak eta baliabideak aztertu eta garatuko ditugu” azaldu du Giraldok.
Amaitzeko, gobernuaren asmoa da herri hezitzailearen filosofia berreskuratzea; “era horretan, hezkuntza bera, prozesu gisa ere, kontzientzia kolektiboa sortzeko, herritartasun aktiboa bultzatzeko eta ahalduntze pertsonal zein sozialerako tresna bilakatzen da. Gizartearen heziketa komunitarioak, herritarren parte-hartze zuzenak, gizarte adostasunak eta herritarren arteko elkar ezagutza hobea sustatzen lagunduko digu; hots, bizikidetzan eta herri kohesioan zuzenean eragiten”. Modu honetan, 2015ean bertan behera utzi zen “Arrasatek Hezi” proiektuaren arima berreskuratuko da.