Martxoak 8 - Adierazpen instituzionala
2025/03/04
“Martxoaren 8an, Emakumeon Egunean, orain arte lortutakoa ospatzeko egunetik haratago, honaino iristeko borroka egin duen Mugimendu Feminista eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gaineratzeko eguna da. Ezinbestekoa da eskubideen aldeko borrokan, mugimenduaren antolakuntzak eta interpelazioetatik, jendarte guztia inplikatzeko izan duen eraginaz mintzatzea. Zentzu honetan, instituzio honi dagokion ardura hartzetik aurkezten dugu adierazpen hau.
Egun honetan Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat egin nahi dugu. 1995ean Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten.
Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartzen jarraitzen dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; eta azken honek gainera, prekarizazio norabidea nabarmen hartu du. Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Euskal Herrian, gure eskumen-esparru mugatuan, argi daukagu gure lurraldeetan gure bizitzaren burujabe ez garen bitartean ezin izango ditugula beharrezko aldaketa guztiak bultzatu: hala ere, badaude aukerak bide hori marrazten joateko, sisteman pitzadurak irekitzeko, eta, hain zuzen ere, tokikoa da eremu egokiena.
Horretarako, erakundeak koordinatu behar dira, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzek eta mugimendu feministak. Behar bezala aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari, eta hori premisa feministetatik egin behar da, artikulazioa eta parte-hartzea bultzatuz, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz.
Egoera honen kontziente izan behar dugu eta horri erantzungo dioten politika publikoek emakumeek boteretzera ere eraman beharko lukete. Horretarako ezinbestekoa da Gobernantza Feminista aurrera eramatea. Gobernantza Feminista berdintasun politiketan historikoki kokatua izan da, Berdintasun Planen zutoinetako bat bezala eta honi Gobernu Ona esan zaio. Egiteko moduei, egiten denari baina gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa.
Gobernantza feministari buruz ari garenean lidergo transformatzaile bati buruz ari gara eta beharrezkoa da ikuspegi feminista txertatzea aurrera eraman nahi dugun prozesu subiranistan.
Berdintasun Politikek, azken urteetan, oinarrizko sistema bat sortu dute, baliabide eta planez josia. Ezinbestekoak izan dira, hainbat bide zabaltzeko, eta hauen garapenean oraindik bidea daukagu egiteko. Nabarmentzekoa da, indar ultrakontserbadoreek hauen kontra abiatu duten gurutzada, eta argi dugu horien defentsan eta sustapenean egongo garela instituzio bezala. Baina handik haragoko politikak behar ditugula esan nahi dugu gaurkoan, zeharlerrotasun erradikal bat martxan jarri behar dugu. Hau da, estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu konparituak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Honi, Politika Feminista deritzogu, “emakumeen gaiak” eskinatik atera eta unibertsal bilakatzera jo nahi dugu. Zaintzaz, ekonomiaz, hirigintzaz eta Indarkeria Matxistaz, guztiaz, ikuspegi feministatik aritu nahi dugu. Beharrizan nabarmen eta erronka handi hauen aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz.
Horregatik guztiagatik, Arrasateko Udalak honako hau erabaki du:
- Berdintasuneko koordinazio mahaiaren baitan lan egiten jarraitzea, gobernantza eredu parte hartzaile eta demokratiko bat garatzeko asmoz.
- Mugimendu Feministarekin batera Zaintzen aldeko Herri Akordioarekin bat egin eta landutako puntuak espazio partekatuetan aurrera eramatea, Zaintza mahaietan besteak beste.
- Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
- Jabekuntza Eskolei eta Emakumeen Etxeei behar adina baliabide bermatzea.
- Euskal Herriko Mugimendu Feministak “Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak!” lelopean herrian bultzatuko duen dinamikarekin bat egitea eta Martxoaren 8ko deialdiak babestea, herritarrei bertaratzeko deia eginez.
- Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko eta ahal den neurrian, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarretara egokitzeko.
- Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.”