Arrasateko Udalak 3.500 euro bideratu ditu dirulaguntzetan udalekuetan haurren parte hartzea bermatzeko

2022/07/13
Card image cap
Guztira 26 eskaera jaso dira: Dokek, Txatxilipurdik, Mondrak eta Mondratek antolatzen dituzten udalekuetarako.

Arrasateko Udalak, aukera berdintasunean eragiteko asmoz, laguntza deialdi bat jarri zuen abian maiatzean, irabazi asmorik gabeko tokiko elkarteek antolatutako udalekuetan Arrasateko haurren parte hartzea sustatzeko.

Laguntza horietarako, 26 eskaera jaso dira: Dokek, Txatxilipurdik, Mondrak eta Mondratek antolatzen dituzten udalekuak izan dira aukeratuak. Guztira, 3.423,70 euro eman dira dirulaguntzetan: dirulaguntza da kuotaren % 90, eta gehienez 200 euro eman dira haur bakoitzeko. Gainerako % 10a familiak ordaintzen du. Udalak zuzenean ordaindu dizkie dirulaguntzak udalekuak antolatzen dituzten tokiko elkarteei.

Maitane Muñoz Garapen Komunitarioko zinegotziak adierazi duenez, udalaren helburua izan da haur bat ere ez geratzea aukera barik udalekuetara joateko: "Aisialdi, kultura eta kirol eskaintza hau hezkuntza ez-formalaren esparruan kokatzen da eta haur askorentzat onuragarria izan daiteke, haren garapen integralean eragin positiboa izan dezakeelako. Izan ere, udalekuetan ikasi eta ondo pasatzeaz gain, pertsonen arteko harremanak sustatzen dira eta balio asko lantzen dira. Oporretan, udalekuek aukera ematen diete haur askori euskaraz bizitzen jarraitzeko, eta horrek eragina izan dezake euskaraz integratu daitezen.

Dirulaguntza jasotzeko, familien urteko diru sarrera gordinek ezin zituzten zenbateko hauek gainditu: 2 pertsonako bizikidetza unitateak: 20.000 €, 3 pertsonako bizikidetza unitateak: 26.000 €, eta 4 pertsona edo gehiagoko bizikidetza unitateak: 30.000 €.