“Arizmendiarrieta. El hombre cooperativo” dokumentala Arrasaten estreinatuko da maiatzaren 4an

2018/04/18
Card image cap
Goya saridun Gaizka Urresti zuzendariak eginiko filmak Mondragon Kooperatibaren (MCC) fundatzailearen bizitza du hizpide

Datorren maiatzaren 4an, Gaizka Urresti zine zuzendariak bere azken lana  aurkeztuko du, primizian, Arrasaten; Mondragon Kooperatibaren bizitza ikuspegi pertsonaletik errepasatzen duen dokumentala, alegia.

Goizean eginiko prentsaurrekoan Urrestik adierazitakoaren arabera, “Arizmendiarrieta. El Hombre Cooperativo” filmaren estreinaldia Amaia antzokian egingo da. Dokumentalaren bitartez Arizmendiarrietak ekonomiaren garapenaren, merkatuaren eta giza balioen artean oreka bilatzeko zuen gaitasuna azpimarratzen da. Prentsaurrekoan ere parte hartu du Arrasateko alkateak, Maria Ubarretxenak, zeina, oso kontentu azaldu den dokumentalaren ekoizpenean parte hartu izanagatik: “Arrasatek asko zor dio Arizmendiarrietari eta film hau berak herriari eginiko ekarpen handi hori eskertzeko modu bikaina dela deritzogu, bera izan baitzen gaur egun Arrasate, kooperatibismoaren arloan, mundu mailako herrialde erreferente izateko lehen urratsa egin zuena”, azaldu du Ubarretxenak.

Ekoizpen independentea

Goya sariduna den Gaizka Urresti (1967) zinema zuzendari eta ekoizleak 2013an ekin zion proiektu hau garatzeari. Dokumentazio lan sakona egin eta Arizmendiarrieta ezagutu edota berarekin lan egin zuten hainbat eta hainbat lagun elkarrizketatu ostean, MCCren fundatzailearen inguruko ikuspegi pertsonala islatzen duen lana osatu du. Filma dokumental independentea da eta protagonistaren bizipenak jasotzen ditu, Fagor edota Goi Eskola Politeknikoa abian jartzeko lan egin zutenen testigantzen bitartez kontatuta. Halaber artxiboko irudi zein bideo laburrez ere baliatzen da historia hori kontatzeko.

“Lan hau ez da inolako enkargua izan, nire ikuspuntu pertsonala jasotzen du eta ildo horretan, zalantzarik gabe, Mondragon Kooperatiba bezalako talde garrantzitsu baten sorrera herriko apaiz batek bultzatu izana da, historia honetan, gehien harritu nauen gauza”, adierazi du Urrestik.

Protagonista miresten duela ere gaineratu du zuzendariak: “Dokumentalak nolabait nire haurtzaroa, 70. hamarkadan Euskadin jasotako hezkuntza katolikoa ekartzen dit gogora eta hortik dator, nire ustez, protagonistarekiko sentitzen dudan lotura emozionala. Nire aiton-amonen edota gurasoen iraganera eginiko bisita da hau, landa giroko Euskadi batetik industria giroko batera eginiko bidaia, alegia. Larunbatetako mezetan edota katekismoko saioetan inoiz ez nuen ulertu Jesukristok gugatik eginiko sakrifizioa, baina Arizmendiarrietaren lana, ordea, bai, hori ulertzen dut, askoz ere gertukoagoa eta gizatiarragoa iruditzen zaidalako eta gainera, ezin hobe uztartzen dituelako idealismoa eta pragmatismoa”. Ildo horretan, dokumentaleko protagonistaren inguruko ezagutza eza azpimarratu du zuzendariak eta gehitu du “gizarte eta ekonomia sistemaren krisialdian, bere lana eredugarri zein baliagarria izan daitekeela”. 

“Arizmendiarrieta. El Hombre Cooperativo”, filma egiteko protagonistarekin lotura zuzena izan zuten ia 40 lagun elkarrizketatu ditu zuzendariak. Dokumentala Euskadin eta Roman filmatu da eta MCCren fundatzailea izan zenaren senitarteko, ikasle eta adituek hartu dute parte. Kepa Junkeraren laguntza ere izan du zuzendariak, berau baita, hain zuzen, dokumentaleko musikaren egilea. “Junkera zen historia honi musika jartzeko pertsona aproposena, Arizmendiarrietaren tankeran, errotutako musika egiten baitu, hemengoa, bere lanak ondoren, mundu mailako transzendentzia hartzeko gaitasuna duen arren”.

“Arizmendiarrieta. El Hombre Cooperativo” Urresti Producciones eta Altube Filmeak ekoizleek eginiko filma da, EITB, Eusko Jaurlaritza, Arrasateko Udala eta Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren laguntzarekin. Dcokumentalaren aurrekontua 240.000€koa izan da eta Arrasaten estreinatu ondoren, Euskadi eta Espainia mailan ikusi ahal izango da.

Munduko talde kooperatibista handiena sortu zuen apaiza

1915ean Markinan (Bizkaia) jaioa, Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz egin eta 1941ean hasi zen Arrasateko parrokian mezetan. Garai horretan gerra osteko egoera gogorra bizi zuen Arrasatek eta lan egoerak bereziki zailak ziren. Arrasaten egin zuen parroko gisa bere ibilbidea eta hemen abiarazi zituen, herriko hainbat gazteekin elkarlanean, tokian tokiko mugimendu kooperatibista berreskuratzeko oinarriak.

Gaur egun, 60 urte geroago, Mondragon Kooperatiba lehen euskal enpresa taldea da eta egun 70.000 langile baino gehiago ditu, alor ezberdinetako 268 enpresa eta kooperatibatan banatuta. MCCren parte dira: Fagor, Eroski, Orona, Orbea, Lagun Aro, Maier, Mondragon Unibertsitatea edo Caja Laboral-Laboral Kutxa. Halaber, MCC munduko talde kooperatibista handiena da, 150 herrialdeetan baino gehiago egiten du lan eta, hain zuzen, bere lan egiteko eredu hori da, nazioarte mailan aztertu eta eredutzat hartzen dena.