Emakume Txokoak hainbat baliabide jarri ditu abian Maritxu Kajoi egunerako, urriak 7, indarkeria matxistei aurre egiteko
2022/10/03Ate joka dugu Maritxu Kajoi eguna. Egubakoitz honetan ospatuko da, urriaren 7an. Aurten, San Juan jaietan hasitako bideari jarraituz, Berdintasun sailaren, Arrasateko Mugimendu Feministaren, Txosna gunearen eta Maritxu Kajoi Komisiñuaren elkarlanari esker, jaietan izan daitezkeen indarkeria matxistei aurre egiteko, arrasatearrek hainbat baliabide izango dituzte eskura, bide honetan beste urrats bat gehiago.
Aurten, urriaren 7tik 8ra, 24 orduko arreta telefono zerbitzua egongo da. Bertan, jaietan gertatzen den edozein eraso sexistaren aurrean, informazioa, aholkularitza eta aurrez aurreko arreta eta laguntza eskainiko dira. Telefono zenbakia 688 809 137 izango da, eta hainbat lekutan egongo da ikusgarri.
Bestetik, urriaren 7an, Maritxu Kajoi egunean, indarkeria sexistarik gabeko gunea kokatuko da Arbolapetan, karpa batean, 18:00etatik gau erdira arte. Bertan, indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira, hurreratu gura duten emakumeak eta neskak artatzen. Indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasoko dituzte. Horretaz gain, elkartasun eta babes espazioa izatea du helburu.
Indarkeria sexisten aurrean artapen telefono zenbakien informazioa ere zabaldu du udalak: Emakume Txokoa (943 79 41 39), Udaltzaingoa (943 25 20 10), Gizarte zerbitzuak (943 25 20 07), Larrialdiak (112) eta telefono bidezko arreta zerbitzua 24 ordu EAEn (900 84 01 11).
Arrasateko Udalak aldarri egiten du indarkeria matxistarik gabeko jaien alde.